Koronabirusa Azpeitian

Ignacio Otaño: "Dagoeneko hasi gara entrenatzen, eta denboraldia amaitu arte Tenerifen jarraituko dut"

Uztarria.eus 2020ko mai. 11a, 11:11
Ignacio Otaño.

Ignacio Otaño (Azpeitia, 1995) Tenerifen (Espainia) bizi da duela bi urtetik. Futbolak eraman zuen hara, eta han harrapatu du koronabirusaren krisiak.

Futbolak eraman zintuen Tenerifera.

Bai, Real Unionekin nuen kontratua amaitu zitzaidan, eta filial batera joateko gogoa nuen. Tenerifeko hirugarren atezaina izateko aukera sortu zitzaidan, eta deialdian sartzen ez banintzen, beheko taldearekin jokatuko nuela esan zidaten. Beraz, bertara joatea erabaki nuen. Gaur egun ere berdin jarraitzen dut: lehen taldearen [Espainiako Bigarren Maila] dinamikan aritzen naiz, eta deialdian sartzen ez banaiz, Espainiako Hirugarren Mailako taldearekin jokatzen dut.

Tenerifen harrapatu zaitu koronabirusaren krisiak. Zein da horko egoera?

Bertako egoera nahiko 'ona' da, estatukoarekin alderatuz. Kanarietako zortzi uharteetatik biztanle gehien dituen irla da Tenerife, eta beraz, kutsatu gehien izan dituena ere bai. Baina irla nahiko erraz kontrolatzen da, mugak hegazkinez eta itsasontziz soilik zeharka daitezkeelako.

Nola aldatu da Tenerifeko bizimodua larrialdia hasi zenetik?

Dena itxi zuten, eta nik uste alde guztietan bezala egon garela hemen ere, etxean sartuta orain dela gutxi arte. Ikasketekin jarraitu dut, telesailak ikusi, liburuak irakurri, kirola ahal nuen moduan egin... Egoera larri hau lehenbailehen igarotzeko gogoz nago, eta aspertuta ere bai.

Nola eragin du koronabirusak zure egunerokoan?

Egia esan, aspertuta nago, baino osasunez ondo nago, eta ezin naiz kexatu. Baina egunerokotasuna antolatzen saiatu naiz: goizean jaikitzen naiz, eta klubak eta prestatzaileak bidalitako lana egiten dut; arratsaldean, berriz, masterreko ikasketak aurreratzen ditut, eta gero, telesailak ikusi, liburua irakurri, deiak egin edo PS4an jokatzen igarotzen dut denbora.

Futbolaria zara zu. Berreskuratu al dituzue entrenamenduak ala oraindik etxean zaudete?

Ostegunean izan genituen COVID-19aren frogak, eta larunbatean hasi ginen entrenatzen. Hurrengo igandera arte bakarka arituko gara, jokalari bakoitza bere entrenatzailearekin; ni atezainen entrenatzeilearekin ari naiz. Ondoren, etxera itzuli eta indar lana egiten dugu, klubak utzitako materialaren bidez.

Kirola egitera irteteko aukerarik ez zegoenean, nola moldatzen zinen etxean entrenatzeko?

Klubak, alde horretatik, oso ondo tratatu gaitu: beharrezko material dena utzi zigun, etxean entrenatu ahal izateko. Gainera, prestatzaile fisikoak, medikuak eta fisioterapeutak gure gainean izan ditugu egunero, zelairako buelta ahalik eta onena izan dadin. Gainera, goi mailako kirolarien ziurtagiria bidali digute duela gutxi; beraz, etxetik atera eta kirola edozein unetan egiteko aukera izan dugu.

Espainiako Futbol Federazioak bertan behera utzi ditu ligak. Noiz berhartuko dute liga? Zer informazio duzue?

Horren inguran ez dakit ezertxo ere; denaren aurretik osasuna dagoela iruditzen zait. Taldean entzun dudanaren arabera, dena ondo joanez gero, Espainiako Bigarren Maila ekain erdialdera berriro martxan hasteko asmoa dute, uztail bukaerara arte. Baina nork daki…

Zure ibilbide profesionalari dagokionez, nola ikusten duzu etorkizuna?

Filialeko ibilbidea dagoeneko amaitu zait, baina hurrengo urterako kontratua sinatuta dut; beraz, bi aukera ditut: lehenengo taldera jauzi egin edo utzita joan. Baina lehenik eta behin denboraldi hau amaitu behar dugu; beraz, oraindik ez naiz hasi datorren urteari begira.

Koronabirusa hedatzen hasi zenean, ez al zenuen pentsatu Azpeitira itzultzea?

Gogo handia izan dut etxera bueltatzeko. Gabonetatik Azpeitian egon gabe nago, eta gainera, bakarrik egon behar izan dut etxean, gainerako pisukideak etxera itzuli zirelako; filialak amaitutzat eman zuen liga, eta haiek itzuli egin ziren. Baina niri klubak ez zidan utzi etxera itzultzen, lehenengo taldeko dinamikan nagoelako eta hirugarren atezain bezala gelditzea tokatzen zitzaidalako. Gainera, COVID-19a eragiten ari zen arazoak ikusi ondoren, etxean gelditu nintzen agindu guztiak betetzen, biztanle guztien segurtasuna eta osasuna guztiaren gainetik baitago.

Noiz arte geldituko zara hor?

Dagoeneko hasi gara entrenatzen, eta 2019-20 denboraldia amaitu arte bertan izango naiz. Ondoren, ikusiko da lehenengo taldera igo edo utzita joango naizen, baina beste urte bat Teneriferi lotuta jarraituko dut; hori, seguru.