Koronabirusa Azpeitian

Kirol patronatuko bazkideek deskontuak izango dituzte 2021eko kuotetan

Ikastaroei dagokienez, martxoaren 12ra arte eskainitako saioak soilik kobratuko ditu Kirol Patronatuak. Bazkideen kuotei dagokionez, bestelakoa da erabakia. Itxialdiak eragindako "kalteak konpentsatzeko modurik onena" zein den aztertu ostean, bazkideei hurrengo urteko abonuetan hobariak eskaintzea erabaki du Kirol Patronatuak. 

COVID-19 pandemiaren ondorioz, hainbat aldaketa izan dira Udal Kirol Patronatuak eskaintzen dituen zerbitzuetan. Hain zuzen, martxoaren 12tik itxita daude kirol instalazio guztiak eta ekintza denak bertan behera daude. Itxialdiak eragindako "kalteak konpentsatzeko modurik onena" zein den aztertzen aritu da Kirol Patronatua, eta dagoeneko erabaki dute zer egin ikastaroen ordainketekin nahiz patronatuko bazkideen kuotekin. 

Egoitz Arruti Kirol Batzordeburuak jakinarazi duenez, "zaila" da jakitea noiz eta nola jarriko diren martxan Udal Kirol Patronatuak eskaintzen dituen ekintzak eta instalazioak. "Une oro, lanean ari gara gertatzen den guztia aztertzeko eta momentuko baldintzen arabera eman daitezkeen zerbitzuak antolatu eta eskaintzeko", adierazi du. Hori dela eta, lasaitasun mezua bidali nahi izan die Kirol Patronatuko bazkideei: "Gure nahia da iritsi zaigun krisi honen aurrean pertsona denak jasaten ari garen nahasmenaren erdian nolabaiteko lasaitasun mezua bidaltzea. Horregatik, jakinarazi nahi dizugu bazkide kuoten inguruan zenbait erabakia hartu ditugula". 

Ikastaroak bertan behera daudenez, martxoaren 12ra arteko kuotak soilik kobratuko ditu Kirol Patronatuak. Bazkideen kuotei dagokionez, bestelakoa da erabakia. "Jakinik bazkide gehienek urte guztiko kuota urtea hastearekin batera ordaindu zutela, aztertu dugu zein izan daitekeen itxialdiak eragindako kalteak konpentsatzeko modurik onena. Horrela, zati proportzional bat itzultzea aztertu bada ere, ez dakigunez oraindik urtean zehar zer gerta daitekeen Udal Kirol Patronatuaren instalazioekin, modurik egokiena eta bideragarriena aurtengo urtean zehar gertatzen denaren arabera, hurrengo urteko abonuetan hobariak eskaintzea dela ebatzi dugu", azaldu du Arrutik. Beraz, patronatuko bazkideek deskontuak izango dituzte 2021eko kuotetan, beti ere, 2020ko urtean izango dituzten murrizketak kontuan izanda.

Kirol Batzordeburuak eskerrak  eman dizkie Kirol Patronatuko bazkideei eta kirol instalazioetako erabiltzaileei, "denbora guzti honetan izandako pazientziarengatik". Era berean, erabiltzaileen iritziak eta ekarpenak "baliagarri" izango zaizkiela esan du Arrutik, eta erabiltzaileak beren ekarpenak egitera animatu ditu. Iritzia eman edo ekarpena egin nahi duten herritarrek 943-81 41 21 telefonora deitu edo polikiroldegia@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide