Koronabirusa Azpeitian

Alex Etxeberria: "Antibirusa, ordenagailua, mugikorra eta bestelako gailuak eguneratuta izan behar ditugu"

Uztarria.eus 2020ko mai. 8a, 14:03
Alex Etxeberria.

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) zuzendari kudeatzailea da Alex Etxeberria (Azpeitia, 1967). Sarean nabigatzea eta erosketak egitea gero eta ohikoagoa den honetan, zibererasoak saihesteko hainbat aholku eta jarraibide eman ditu Etxeberriak. Erasoak saihesteko "zuhurtzia" eta "formakuntza" beharrezkoak direla nabarmendu du azpeitiarrak.

Koronabirusa dela-eta herritar askok sarean egin ohi dituzte hainbat erosketa. Segurua al da?

Ardurarekin jokatuz gero, segurua da erosketak sarean egitea, betiere erostera jotzen dugun lekua eta erosten ari garen produktua seguruak baldin badira. Kontuz ibili behar da eskaintzen dizkiguten maukekin edo deskontuekin.

Zein dira sarean egin ohi dituzten ohiko iruzurrak?

Mundu digitalean, mundu analogikoko joera asko islatzen dira, eta era guztietako iruzurrak daud: phishinga, sextinga, datuen lapurreta eta txantajeak, batzuk aipatze arren. Sarean ditugun gauzarik baliotsuenak gure pasahitzak eta gure identitatea dira, eta zaindu egin behar dira.

Phishing terminoa gero eta ezagunagoa bilakatu da azken urteetan. Zer da, ordea, phishinga?

Phishing gure erabiltzailea eta pasahitza lapurtzeari deitzen zaio, eta datu horiek lortzeko askotariko gaitasunak eta moduak erabiltzen dituzte iruzurtiek; gehienetan mezu elektronikoak edo iragarkiak erabiltzen dituzte. Irurzurtiek bidalitako estekan klik eginda orrialde faltsu batera bideratzen zaituzte. Webguneetan eta programetan pasahitz desberdina erabiltzea izan daiteke halako gauzak saihesteko moduetako bat. Gero eta konplexuagoa den mundu honetan formakuntza eta zuhurtzia behar-beharrezkoak dira.

Kontu korronteko zenbakia lapurtzea ere ohikoa da.

Kontu korronteekin hainbat arazo egon daitezke, VISA zenbakia edo txartelaren ezaugarriak lapurtzea, VISA contactless batekin hamar euroko lapurretak egitea eta abar. Garrantzitsua da gure kontuetako mugimenduak zaintzea eta gure bankuek iruzurren aurka dituzten neurriak eta baliabideak zeintzuk diren ezagutzea.

Enpresen kasuan, berriz, ordainketa bat egiterakoan garrantzitsua da gure kontu korronteaz gain hartzaileren kontu korrontea baieztatzea ere. Adibidez, nazioarteko enpresa batean erosketa egin badut eta norbait nire enpresaren datuetan sartu bada, baliteke hornitzailearen identitatea lapurtzea eta dirua beste kontu korronte batera bidaltzeko eskatzea. Halako gauzekin tentuz ibili behar da.

Zein da iruzurrak egiten dituztenen modus operandia?

Hainbat amu erabiltzen dituzte, posta elektronikoa edo whatsapp mezuak, adibidez. Gehienetan erabiltzailearen konfiantza bilatu nahi dute horiek, eta horretarako hainbat modu erabiltzen dituzte.

Zein neurri hartu beharko genituzke zibererasoak saihesteko?

Deskonfiantza izatea garrantzitsua da. Koronabirusaren aurretik bidaia bat egiten genuenean, etxetik atera orduko esaten ziguten kartera ondo zaintzeko. Bada, sarean ere zuhurtzia bera erabili behar dugu. Basque Cyber Security euskal erakundeak zibererasoen aurrean nola jokatu jakiteko hainbat artikulu ditu sarean, eta herritarrek bertan irakur dezakete zibereraso horien inguruan.

Nola identifikatu dezakete erabiltzaileek hartzailea fidagarria den edo ez?

Helbidea ondo aztertu behar da, eta eragiketak pazientziaz egin. Eragiketa horiek mugikorrarekin egin beharrean, ordenagailuarekin egitea komenigarria da, batik bat ohikoak ez diren egoeretan eta webguneetan zerbait arraroa ikusten dugunean.

Ordenagailuetako antibirusak baliagarriak al dira halako iruzurrak identifikatzeko?

Bai, antibirusak baliagarriak dira, eta gainera, beharrezkoak. Antibirusa, ordenagailua, mugikorra eta bestelako gailuak eguneratuta izan behar ditugu, baita softwarea ere. Orain dela hamar urteko antibirus batek jada ez digu balio.

Zibereraso baten biktima izan denak, zer egin beharko luke erasotua izan bada?

Salaketa bat jarri beharko luke, eta horretarako errazena Ertzaintzara jotzea da. Basque Cyber Securityk ere lagun diezaioke erabiltzaileari salaketa horien berri izateko, eta erabiltzaileek 900-10 48 91 doako telefonora deitu dezakete edo arazoak@bcsc.eus helbidera idatzi.