Koronabirusa Azpeitian

Kiara Angulo: "Testuinguru zail honetan ikasleei ikasketekin jarraitzeko erraztasunak eta baliabideak eskaintzea izan da gure helburua"

Uztarria.eus 2020ko mai. 7a, 14:05
Kiara Angulo, UIBko kidea.

Koronabirusaren testuinguruan ikasleek izan ditzaketen zailtasunei eta beharrei elkartasunez erantzuteko apunte bankua eta errefortzu eskolak jarri ditu martxan Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB), DBH, Batxilergo eta unibertsitateko lehenengo mailetako ikasleei zuzenduta. UIBko kidea da Kiara Angulo (Urrestilla, 2001). 

Zer da UIB?

Unibertsitateko hainbat langile sektoreren –ikasle, irakasle, garbitzaile, ikerlari...– interesen defentsan aritzen den eragilea da UIB, eta sektore horietako pertsonen indarrak batuta, borrokarako indarrak biderkatzea nahi duena.

COVID-19aren testuinguruan Ikasle Babes Sarea jarri duzue martxan. Zer dela eta?

Koronabirusaren pandemiaren ondorioz hezkuntza arloan hartutako neurriek eragin handia izan dute ikasleongan, eta zuzenean kaltetu gaituzte. Unibertsitateak ixten hasi zirenean ohartu ginen ikasleok ikasketak aurrera eramateko zailtasun ugari izango genituela. Hori ikusita, ikasleok elkarrekin lan egiteko eta elkarri laguntzeko zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Testuinguru zail honetan ikasleei ikasketekin aurrera jarraitzeko erraztasunak eta baliabideak eskaintzea izan da gure helburua, eta horretarako jarri dugu martxan Ikasle Babes Sarea. Izan ere, jakinekoa da zenbait ikaslek zailtasunak izango dituztela egoera honetan ikasketak aurrera ateratzeko, besteak beste, etxean baliabide nahikorik ez duelako edo klaseetan jasotako informazioa nahikoa ez delako beraientzat. Unibertsitateko ikasleak garen arren, Batxilergoko eta DBHko ikasleengana ere iritsi nahi izan dugu, ahal dugun neurrian haiekin lan egiteko eta laguntzeko. 

Ikasle Babes Sarearen barruan, apunte bankua eta ikasketetarako errefortzu eskolak eskaintzen ditu UIBk. Zertan datza adar bakoitza?

Alde batetik, apunte bankua sortu dugu. Edonor sar daiteke bertara eta edonork eskura ditzake bertan zintzilikatutako edukiak. Aldi berean, edozein pertsonak egin dezake ekarpena apunte bankuan. Lanak edo apunteak kolektibizatu edo partekatu nahi dituenak UIBrekin harremanetan jarri besterik ez du. Bestetik, DBHko eta Batxilergoko nahiz unibertsitateko ikasleei ikasketekin dituzten zalantzak argitzeko edo azterketak prestatzeko ikasketa laguntza eskaintzen du UIBk. Unibertsitateko ikasleak edo unibertsitateko ikasketak amaituta dituzten gazteak dira errefortzu edo laguntza eskolak ematen ari direnak. Ikasgai ugaritan eska daiteke laguntza: fisika, kimika, teknologia, marrazketa teknikoa, biologia, geologia, matematika, euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, latina, grekera, filosofia, historia, artearen historia, ekonomia eta geografia.

Nolako harrera izan du egitasmoak?

Hasieran, ez zen erraza izan unibertsitateko gradu guztietako apunteak lortzea, jendea pixkanaka hasi baitzen edukiak elkarbanatzen. Baina gaur egun bestelakoa da egoera. Ikaragarria da zenbat eduki bildu den denbora motzean, eta orain ezagutzen ditudan gradu ia guztietako materiala dago eskuragarri apunte bankuan. Ikasketetan laguntza eskaintzeko boluntarioei dagokionez, Ikasle Babes Sarea martxan jarri genuenean 100 boluntario inguruk eman genuen izena eskolak emateko. Kopuru handia iruditu zitzaigun hasieratik, eta denborarekin gero eta jende gehiagok eman zuen izena. Era berean, asko izan dira ikasketetarako laguntza eskatu duten ikasleak; ikasturtea aurrera joan den heinean, nabarmen hazi da kopurua. 

Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Ikasle Babes Sarea martxan jarri genuenean oso urduri geunden. Esperientzia berria zen, eta ez genekien jendeak nola erantzungo zuen egitasmoaren berri izandakoan. Aldi berean, bagenekien proiektua aurrera ateratzeko ezinbestekoak izango zirela Euskal Herriko txoko guztietako ikasleen ekarpenak. Orain gustura gaude, eta oso pozik egindako lanarekin nahiz Ikasle Babes Sareak izan duen harrerarekin. 

Ikasleek zein arlotan eskatu dute laguntza gehien?

Matematikan eta fisikan. Azken asteotan matematikan laguntzeko boluntario gehiago behar izan ditugu, eta berriro ireki dugu izen ematea. Matematikan nahiz fisikan laguntzeko eskaera ugari iritsi diren arren, beste ikasgai batzuetan apenas egon da eskaririk, marrazketa teknikoan edo teknologian, esaterako.

Eta hizkuntzen arloan, handia izan al da eskaria?

Ni hizkuntzen arloko boluntarioa naiz, eta orain arte nahiko ondo moldatu gara errefortzu eskolak emateko, ez baitira eskari asko egon. Dena den, denbora eskatzen du hizkuntzetan laguntzeak. Izan ere, hizkuntza bati edo besteari lotutako laguntza eskatzen duten pertsonek ez dituzte zalantza zehatzak izaten, matematikan edo fisikan izan ohi dituzten bezala. Hau da, hizkuntzetan laguntza behar dutenek hizkuntza barneratzeko edo ulertzeko zailtasunak dituztelako eskatzen dute babesa. Hori dela eta, laguntza emateko modua ere desberdina da, eta jarraikortasun gehiago eskatzen du.

Azterketa garaia iristear da, eta zuek ere, unibertsitateko ikasleak izanik, azterketetan murgilduko zarete. Laguntza eskaintzen jarraitzeko asmoa al duzue?  

Boluntario lanetan gabiltzan ikasleen gehiengoa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleak gara, eta laster hasiko gara azterketekin. Azken asteetan nabarmen egin du gora laguntza eskatu duten ikasleen kopuruak. Duela aste batzuk hasi ginen egoera horri nola erantzun pentsatzen, denboraz larriago ibiliko garela jakitun. Beraz, hausnartzen egon ginen, zer egin pentsatzen… Azkenean, ahalegina egitea erabaki dugu eta laguntza eskaintzen jarraituko dugu, nahiz eta gu ere azterketetan murgilduta egongo garen.

Ikasle Babes Sarea martxan jartzearekin batera, testigantza kanpaina abiatu zuen UIBk Euskal Herriko hainbat campusetan. Zein helbururekin?

EHUko eta NUPeko fakultate guztietan egin genuen testigantza bilketa, baita inkesta bat ere. Inkesta hori fakultate guztietako ikasle guztiengana iristeko ahalegina egin genuen. Horren helburua zen unibertsitateko ikasleok egoera hau nola bizitzen ari garen jakitea, hezkuntza esparruan hartutako neurriek nola eragin diguten ezagutzea eta zailtasunak izatekotan horiek identifikatzea, ondoren horiei nola erantzun pentsatzeko eta behar izatekotan defentsa mekanismoak edo eskaerak martxan jartzeko.

Zer ondorio atera dituzue?

Inkesten emaitzak desberdinak dira campusaren arabera, baina ondorio gehienak berdinak dira. Ikasleoi lan karga asko handitu zaigu konfinamendu garaian, eta egun batetik bestera ebaluazio irizpideak aldatzen dizkigute; gaur gauza bat esan, eta bihar bestea. Hori gutxi balitz, azterketekin zer gertatuko den oraindik ez dakigu. Testigantzen eta inkesten emaitzek erakutsi dute EHUko nahiz NUPeko ikasleen gehiengoaren egoera orokorra hori dela. Beraz, eskariak egin ditugu hainbat campusetako fakultateetako Dekanotzetan. Nik EHUren Gasteizko (Araba) campuseko Letren Fakultatean ikasten dut, eta han, esaterako, eskari zehatzak egin ditugu: ikasgaiak gainditzeko behar den batez besteko nota jaisteko eskatu dugu, baita oraingo emaitzek ez dezatela eragin aurrez gainditutako ikasgaietan ere. Horrez gain, nota altxatzeko aukera emateko eskatu dugu. Fakultate bakoitzeko Dekanotzan egin ditugu eskaerak, jakin badakigulako haiei dagokiela ebaluazio irizpideak zein izango diren erabakitzea. Badakigu irizpideak aldatzea ez dela ezinezkoa. Andaluzian, esaterako, adostu dituzte neurriok.

Azpeitian antzeko zerbait egin dute, ezta?

Hala da, bai. Azpeitiko Ikasle Autodefentsa Sareko kideek Batxilergoko ikasleen ebaluazio irizpideak aldatzeko eskatu dute, beraiei ere eragin baitiete hezkuntza arloan hartutako neurriek. Txalogarria iruditzen zait egiten ari direna, eta pozgarria iruditzen zait institutuan horrelako eskariak egiten hastea. Ikasleak antolatzea ezinbestekoa da helburuak lortzeko. Zentzu horretan, lan ikaragarria egiten ari direla uste dut.

Apunte bankuaz eta ikasketetarako laguntzaz gain, ba al duzue beste proiekturik esku artean? 

Ikasle Babes Sarea koronabirusaren hedapenaren eta salbuespen egoeraren testuinguruan sortu genuen, baina horri heldu aurretik beste hainbat lan ildo eta proiektu genuen esku artean. COVID-19a iritsi aurretik, unibertsitateko tasak merketzeko eta bekak hobetzeko kanpaina bat jarri genuen martxan Euskal Herriko campusetan. Unibertsitatera itzultzean berriro helduko diogu horri. Ikasturtean zehar, berriz, beste hainbat aldarri egin dugu. Letren fakultatean, esaterako, ez da borroka zehatzik jarri martxan, baina gure aldarria indarrak batuz gaitasunak biderkatu denez, beste fakultateetako ikasleen borroketara batu gara; esaterako, Arte Ederren fakultateko ikasleek hasitako borroka babestu dugu. Haiek 600 euro ordaindu behar izaten dituzte oinarrizko materialagatik urtero, eta hori alda dadin eskatzen dugu. Unibertsitateko garbitzaileen grebak ere garrantzia handia izan du azken hilabeteetan, haiekin batera mobilizatu baikara. COVID-19ak haien borroka itzalean laga badu ere, itzuleran ondoan izango gaituzte.  

Unibertsitateko ikaslea izanik, nola eragin dizute lehen pertsonan hezkuntza arloan hartu dituzten neurriak?

Gasteizen martxoaren 9an itxi zituzten unibertsitateak. Lehen unetik nabaritu zen urduritasuna irakasleengan zein ikasleongan, guztiontzat baitzen egoera berria eta ezezaguna. Hasieran bi aste iraungo zuen zerbait izango zelakoan geunden, baina bi hilabetez luzatu da jada. Irakasle askok hasieratik jarraitu dute eskolak ematen. Beste batzuek, aldiz, ez dute klaserik eman duela gutxira arte, azterketen atarian izan arte. Lan karga ikaragarri handitu digute. Ez dute kontuan hartzen zein baliabide ditugun lanak egiteko. Horrez gain, egoera honek indibidualismoa ikaragarri sustatu du. Ez dago ikaskideekin elkarlanean aritzea bezalakorik zalantzak argitzeko, iritziak partekatzeko, elkarrekin lanak egiteko.