Koronabirusa Azpeitian

Noiz, non eta nola: bihartik aurrerako irteeren xehetasunak zehaztu ditu Espainiako Gobernuak

(Michael Drummond-Pixabay)

Herrigunetik at dauden guneetan ere udalerri osorako araua mantenduko da. Udalerri barruko mugetan egin ahalko da kirola, ezsrritako bi ordu tarteen barruan, kalean zein baimendutako gune naturaletan, bakarka eta egunean behin, Pasiera, berriz, ordu tarte horietan baina kilometro bateko erradioaren barruan, bakarka edota bizikide batekin batera. Bi metroko distantzia mantendu beharko da gainerako pertsonekin, eta gainera, jende asko pilatzen diren lekuak saihesteko gomendioa egin dute.

Espainiako Gobernuak gaur argitu ditu atzo iragarritako neurrien gaineko hainbat zehaztapen. Esaterako, mendekotasuna duten pertsonek ohiko zaintzailearekin kalera irteteko aukera izango dute, nahiz eta bi pertsonak etxe berean ez bizi. Zahar etxeetako egoiliarrek, bestalde, ezingo dute ariketa fisikoa egitera kalera irten.

Irteeretan, bi metroko distantzia mantendu beharko da gainerako pertsonekin, eta gainera, jende asko pilatzen diren lekuak saihesteko gomendioa egin dute. Jarduera fisikoa egitean, berriz, geldialdirik ez egiteko eskatu dute. Hauek dira dekretuan jasotako zehaztapenak:

1. 14 urtez gorako guztiek izango dute kalera irteteko baimena, paseatzera edo kirola egitera. Ezingo dira kalera atera, ordea, COVID-19arekin gaixotuta daudenak, berrogeialdian daudenak edota zahar etxeetako egoiliarrak.

2. 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara paseatzera edo kirola egitera ateratzeaz aparte, umeak dituzten pertsonak haurrekin kalera atera ahal izango dira egunean beste behin. Ez dago aukeratu beharrik bat edo beste.

3. Ezinduak, 70 urtez gorakoak eta elbarritasunen bat edo behar bereziren bat duten pertsonak 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara irten ahal izango dira. Laguntzaile batekin edo bizikiderekin batekin atera ahalko dira.

4. Haurrak kalera ateratzeko baimenak indarrean jarraituko du, baina beste ordutegi batekin: 12:00etatik 19:00etara bitartean atera ahal izango dute kalera.

5. Kontaktu fisikoa dakarten kirolak debekatuta daude. Kirola egiteko, bakarka atera beharko da kalera; egunean behin egin ahal izango da jarduera fisikoa, horretarako zehaztutako ordutegietan (06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara).

6. Paseatzera irteteko, etxeko bizikide batekin bakarrik atera ahalko da kalera, edozein kasutan.

7. Laguntza behar dutenak edo mendekotasunen bat dutenak etxeko norbaitekin edo zaintzailearekin atera ahalko dira kalera, bai paseatzeko, bai kirola egiteko.

8. Paseoak egiteko, etxetik kilometro bateko erradioan mugitu ahalko da.

9. Kirola egiteko, norbera bizi den udalerriko mugen barruan ibili ahalko da.

10. Paseatzera beste norbaitekin ateraz gero, bi metroko distantzia fisikoa mantendu beharko da, eta higiene eta segurtasun arauak bete.

11. Jende pilaketak saihestu beharko dira.

12. Kirola egitera ateraz gero, jarduera gelditu gabe egin beharko da; atseden hartu beharra izanez gero, ez luzatzeko eskatuko dute.

13. Udalei eta tokiko erakundeei agindu diete, jendea ez pilatzeko eta segurtasun distantzia bermatze aldera, oinezkoei lehentasuna emateko, eta bizikletei gero, eta neurriak hartzeko hori horrela izan dadin.

14. Erabilera publikoko edozein kale edo ingurunetan paseatu edo egin ahalko da kirola, baita eremu natural baimenduetan ere, betiere dekretuak zehaztutako baldintzetan.

15. Kirola ezingo da kirol instalazio itxietan egin.

16. Ezingo da ibilgailu motordunik (autoak, motoak...) edo garraio publikorik erabili beste norabait joan eta kirola edo paseoa han egiteko.

17. 5.000 biztanle edo gutxiago duten udalerrietan, 06:00etatik 23:00etara bitartean egin ahal izango dira dekretuak baimendutako jarduera guztiak, eta umeekin kalera irten ahal izango da. Era berean, horretarako aurreko egunetan argitaratutako dekretuaren baldintzen barruan.

18. Autonomia erkidegoek ahalmena izango dute, zahar etxeei dagokienez, dekretuak zehaztutakoak beste modu batera arautzeko.

Herrigunetik kanpoko auzoetan, zer?

Atzo iragarritako neurrien ondoren zalantza eta kezka bat baino gehiago plazaratu dute herritarrek, bihartik aurrera zer egin ahalko den eta zer ez jakin nahian. Horien artean, udalerri bateko herrigunetik kanpo edo urruti dauden auzo edo gune txikiei zer arau ezarriko zaien. Azpeitiari dagokionez, 5.000 biztanletik gorako udalerria denez, 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara irten ahalko dira herritarrak kirola egitera edo pasieran; berez, baita aipatutako auzo eta biziguneetan ere. Dekretuan aipatzen dira udalerri baten barruan baina udalaz azpiko administrazio gaitasuna duten biziguneen kasua, baina Azpeitian ez dago horrelako ahalmen administratiborik duen udalaz azpiko erakunderik edo herririk.

Mendira, udalerritik irten gabe

Askok egin dute galdera da, era berean, mendira joateko aukerarik izango al den. Espainiako Gobernuaren dekretuak zehazten duen bakarra da udalerri bakoitzeko mugen barruan egin ahalko dela ariketa fisikoa, bakarka, egunean behin, zehaztutako ordutegiaren barruan, eta kalean zein eremu natural baimenduetan. Beraz, mendira joan nahi dutenentzat horiek izango dira mugak.

Euskal Mendizale Federazioak "zentzuz" jokatzeko deia egin die mendizale federatuei, eta federatu guztiek duten aseguru estaldurak indarrean jarraitzen duela gogora ekarri du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide