Koronabirusa Azpeitian

Ezohiko neurriak hartuta egingo dute etzi odol ateraldia

Uztarria.eus 2020ko api. 27a, 17:42

Odol Emaileen Elkarteak e-posta mezu bat bidaliko die odol-emaile jakin batzuei, eta horiek 943-00 78 84 telefono zenbakira deitu beharko dute txanda hartzeko. Mezua jasotzen duten herritarrek soilik izango dute etzi odola emateko aukera.

Etzi, asteazkena, egingo du apirileko odol ateraldia Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak, eta martxoan egin zuten moduan, hil honetan ere ezohiko neurriak hartuta egingo dute. Herritarren segurtasuna bermatzeko, ez dute nahi duten herritar guztiek izango odola emateko aukera. Hain zuzen ere, e-posta mezu bat jasoko dute odol-emaile jakin batzuek –mezua jasotzen dutenek soilik izango dute bihar odola ateratzeko aukera–, eta mezu hori jasotzen duten herritarrek 943-00 78 84 telefono zenbakira deitu beharko dute, 08:30etik 13:30era, txanda hartu ahal izateko. Pertsona bakoitzari ordu bat zehaztuko diote, pilaketak saihesteko, eta Damaso Azkue auzoko eguneko zentroan prestatuko dute gunea odola emateko. 

Odol Emaileen Elkarteak adierazi duenez, ospitaleetan "odol beharra" dagoela jakinarazi diete Donostiako odol bankutik. Hori dela eta, odola emateko aukera duten herritarrei hitzordura ager daitezen eskatu diete.