Koronabirusa Azpeitian

Umeak eta gaztetxoak hasi dira kalera irtetzen

Uztarria.eus 2020ko api. 26a, 15:06

Ikastetxeak itxi zirela 45 egun dira gaur, igandea, eta konfinamendu egoera arintzeko Espainiako Gobernuak hartutako lehen neurria gaur bertan sartu da indarrean: 14 urtetik beherako umeek eta gaztetxoek, ordubetez bada ere, kalera ateratzeko aukera dute aurrerantzean.

Goizean, pixkanaka hasi da mugimendua sumatzen kaleetan nahiz berdeguneetan; hain zuzen ere, hainbat haur eta gaztetxo atera da kalera gurasoek lagunduta. Askok Loiola aldera jo dute; jende ugari ibili da han paseoan, patinetan nahiz bizikletan. 14 urtez azpikoek etxetik kilometro bat urrundu ahal izango dute Espainiako Gobernuak bestelako neurririk ezartzen ez duen bitartean, eta parkeetara ezingo dute joan.