Koronabirusa Azpeitian

Malen Amenabar: "Kulturgileon artean sinergiak sortu eta bide interesgarri bat dugu egiteko"

Uztarria.eus 2020ko api. 19a, 18:56
Malen Amenabar. (Utzitakoa)

Txakur Gorria sormen taldeko kidea da Malen Amenabar (Larrabetzu, Bizkaia, 1994) Azpeitiko bizilaguna. Datorren apirilaren 21ean eta 22an Greba Digitalak deitutako grebarekin bat egin du sormen taldeak, eta egun horietan ez dute kultur edukirik elkarbanatuko sareetan. Isiltzea "ahalduntze ariketa bat" izan daitekeela dio Amenabarrek.

Koronabirusak alor asko hankaz gora jarri ditu, eta horietako bat da, dudarik gabe, kulturgintza. Nola ikusten duzu egoera?

Ez da egoera erraza. Martxoan kultur ekimenak erortzen hasi ziren eta ordutik ziurgabetasun konstante batean bizi gara. Nire lan pertsonalean, adibidez, data hauetan egiteko nituen lan batzuk bertan behera geratu dira: kontzertuen eta jaialdien kartelak, bertso saioak eta abar. Aurrerago egingo omen dira, baina noiz? Kultur ekimenak izango dira berreskuratzen azkenak. Eta zalantza egoera honi galera ekonomikoa gehitu behar zaio, noski. 

Apirilaren 21ean eta 22an kultur edukirik ez elkarbanatzeko Greba Digitalaren deiarekin bat egin du Txakur Gorriak. Zergatik?

Iruditzen zaigulako berez prekarioa den gure alorra egoera honek are gehiago kaltetuko duela. Konfinamendua hasi zenean iniziatiba ezberdinak sortzen hasi ziren sare sozialetan: kontzertuak etxeetan, bertso saio digitalak, eskulan tailerrak, ipuin kontakizunak… Beti aipatu izan dugu herrigintzatik oso gertu dagoela gure lana, eta ederra izan da jendearen erantzuna eta babesa, baina kontuan hartzekoa da sektore kaltetua garela. Horregatik, gure lanak duen balioa eta garrantzia aldarrikatu nahi dugu.

"Ikusi gaitzazuen desagertuko gara. Entzun gaitzazuen isilduko gara" dio grebaren leloak.

Esaten da momentu batez galtzen duzun hori gehiago baloratzen dela, ezta? 600 lagunek baino gehiagok sinatu dugu deialdia. Komunitate handi bat da kultur mugimenduarena. Ixiltzea ere ahalduntze ariketa bat izan daiteke. 

Txakur Gorria sormen taldeari nola eragin dio COVID-19ak?

Lau urte bete berri ditu Txakur Gorria sormen kolektiboak, eta pixkanaka aurrera doan proiektua da. Azoka baterako eskuz jositako liburuxka batetik hasi eta taldeari kooperatiba izaera ematera heldu ginen 2018 bukaeran. Prozesu interesgarri bezain gorabeheratsua da gurea. Lau lagunek osatzen dugu Txakur Gorria, eta norbait erortzear denean, besteek eusten diote. COVID-19ak laurok mugitu gaitu, beraz, laurok eutsi beharko diogu elkarri. Horretarako erabaki ezberdinak hartu behar izan ditugu: erori diren ekimenei erantzuteko alternatibak pentsatu, urte bukaerarako aurreikusita genituen autoedizio lanak aurreratu, soldatak eta lan jardunak birpentsatu… Ikasketa prozesu bat izaten ari da azken lau urteetakoa. Honetatik ere asko ikasiko dugu. 

Kulturgintza prekarietatearekin lotu ohi da sarri. 

Herrigintzari oso lotuta ikusten dut kulturgintza, eta askotan zaila egiten zaigu militantzia eta lana bereiztea. Baina bide hau hautatu eta apustua egin dugunok gure lanaren balioa jarri behar izaten dugu mahai gainean, eta sarri ez da erraza izaten.

Hain zuzen ere, greba deialdiaren testuan aipatzen da konfinamenduko egunotan kultur ekimenak doan ari direla eskaintzen hainbat artista. Trukean, kulturaren "balio sozialaz" hausnartzeko eskatzen da.

Sortzaileak musutruk lan egitera ohituta gaude. Ederra da sortzen dugun hori babesten duen jendea. Horiek gabe gure lanak zentzua galduko luke, baina diruak lagundu ere egiten du, eta aipatzekoa da balio hori ere.

Euskal kulturgintzaren mahaia osatzea ere aipatzen da testuan. Zer nolako garrantzia du halako zerbait sortzeak?

Egoera zail honek erakutsi digu zein garrantzitsua den talde lana eta norberaren konpromisoa. Saretzeak indartu egiten duela esango nuke. Oso beharrezko ikusten dudan pauso bat da. Nire esperientzia labur eta xumetik esango nuke, kolektiboak asko indartzen duela norbanakoa. Azpeitia izan daiteke adibide on bat. Ea Euskal Herrian antzeko zerbait sortzeko gaitasuna dugun.

Egoera honek luze joko duela dirudi. Zer gertatuko da kulturarekin itxialdia amaitzerakoan?

Lan asko egin beharko dugula iruditzen zait. Erakundeengan ez dut fede handiegirik, egia esan. Birusa heldu aurretik ere nahikoa hankamotz ikusten nuen euren jarrera euskaraz egiten diren kultur ekimenekiko, orain dena baita basque. Egiten ari garen saretze ariketan jarriko nuke indarra. Kulturgileon artean sinergiak sortu eta bide interesgarri bat dugu egiteko. Horretarako beharrezkoa da herritarren babesa. Eta herriarengan bai, badaukat fedea.