Mikel Benitez: "Galdu bada ere, guk eutsi egin diogu kafearen kulturari"

Uztarria.eus 2020ko api. 21a, 10:54
Mikel Benitez.

Ostalaritzarekin lotura estua dute Benitez anaiek. Kafean adituak izanik, Taba-ko Terzi kafetegian dabiltza buru-belarri. Mikel Benitezekin hitz egin du Maialen Etxaniz kazetariak Zu zeu atalerako, 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian.

Nondik datorkizue kafearen munduarekiko interesa?

Nik eta nire bi anaik urte asko daramatzagu ostalaritzan lanean. Pertsona batzuk sukaldaritzan, izozkigintzan, gozogintzan edo ardogintzan espezializatu dira, eta guk kafearen kulturaren aldeko hautua egin dugu.

Noiz eta zergatik erabaki zenuten sektore horretan murgiltzea?

Izaro tabernan hazi ginen, eta han garrantzia handia ematen zitzaion kafeari: makina zaintzea, garbitzea, kafe krematsu ona egitea, motza, indartsua... Ondoren, Keizpe ireki genuen Azkoitian, eta han jarraitu genuen kafezaletasuna garatzen. Urteekin, galtzen joan da lehen kafetegietan-eta kafearen bueltan zegoen kultura, baina guk eutsi egn diogu.

Nolakoa izan da ikasketa prozesua?

Luzea, eta neurri batean nahi gabekoa. Urteetan saiatu gara bezeroei ahalik eta kaferik onena eskaintzen. Terzi familiari esker hainbat balio ere barneratu genituen, eta horiek hona ekartzen saiatu gara. Manuel Terzik Bolonian (Italia) duen Terzi etxean hasi zen dena. Haiei esker ikasi dugu kafearen erauzketa metodoak lantzen. Asko ikasi genuen kafearen tuesteaz edo jatorri desberdinetako aleen analisi sentsorialaz, baita koktelgintzaz ere. 30 urteko ibilbidearen ostean, ikasten jarraitzen dugu.

Batzuek "kafearen tenplua" deitzen diote zuen kafetegiari...

Baliteke kafearen tenplu txiki bat izatea gurea. Izan ere, kafea da produktu izarra, eta leku gutxitan mimatzen da guk egiten dugun bezala. Kritika polit ugari jaso ditugu, baina gehien gustatu zaiguna Mikel Zeberio gastronomia-kritikariarena izan da. Hark esan zuen urteotan Euskal Herrian irekitako "negoziorik zoroenetakoa" izan dela gurea.

Kafearen mundutik zerk erakartzen zaituzte gehien?

Transmititzen duen energiak eta bere inguruan sor dezakeen guztiak; izan ere, tradizio, transmisio, komunikazio, doktrina eta erritual gisa uler daiteke kafearen kultura. Espressoaren mundua garatzen ari da etengabe, nahiz eta batzuek tradizional gisa ulertzen duten.

Gaur egun Donostian duzue negozioa. Zer du Donostiak Azpeitiak ez duena?

Gure enpresa banatzailea Azpeitian dago, Azpeititik egiten dugu lan. Baina soilik kafea eskaintzen genuenez, gastuei eta inbertsioei aurre egiteko gutxieneko biztanle kopurua izatea beharrezkoa zen, eta horregatik ireki genuen salmenta puntua Donostian.