Koronabirusa Azpeitian

Data berriak iragarri ditu Kulturaz kooperatibak bertan behera geratu ziren emanaldietarako

Uztarria.eus 2020ko api. 15a, 14:21

Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian zein Dinamoa sormen gunean udaberrian egitekoak ziren kontzertuak eta ekitaldi gehienak udazkenera pasatu dituzte. Iragarritakoez gain berrantolatu behar izan dituzten beste ekitaldien data berriak "izan bezain pronto" jakinaraziko dituzte.

COVID-19 gaitzaren ondorioz bertan behera utzi behar izan zuten hainbat ekitaldirentzat data berriak iragarri ditu Kulturaz kooperatibak. "Hilabete pasa da Sanagustin kulturguneko, Soreasu antzokiko eta Dinamoa sormen guneko ateak itxi genituela. Hala, udaberriko agendan genituen data gehienak udazkenera pasatu ditugu", azaldu du Kulturazek sare sozialetan. Hala ere, ekainerako eta uztailerako hitzorduak ere jarri dituzte.

Hau da, hain zuzen ere, prestatu duten kontzertuen eta bestelako emanaldien egutegi berria:

  • Dani Mateo (bakarrizketa), ekainak 13. Soreasun antzokian, 18:30ean.
  • Zea Mays eta Habi (kontzertua), uztailak 3. Sanagustin kulturgunean, 22:00etan.
  • Pablo Milanes (kontzertua), irailak 6. Soreasu antzokian, 20:00etan.
  • Inmaculate Fools eta Jotakie (kontzertua), irailak 11 eta 12. Sanagustin kulturgunean, 20:00etan.
  • Agustin Jimenez (bakarrizketa), irailak 19. Soreasu antzokian, 22:00etan.
  • Grises eta Unclose (kontzertua), irailak 26. Sanagustin kulturgunean, 22:30ean.
  • Dupla eta Xatiro (kontzertua), urriak 23. Sanagustin kulturgunean, 22:30ean.
  • Freedonia (kontzertua), abenduak 11. Sanagustin kulturgunean, 22:30ean.
  • Skakeitan eta Sua (kontzertua), otsailak 6. Sanagustin kulturgunean, 22:30ean.

Iragarritako horiez gain, koronabirusaren krisiak eragindako itxialdiaren ondorioz bertan behera gelditutako beste hainbat ekitaldirentzako data berriak prestatzen ari dela ere aurreratu dute Kulturazekoek: "Kontzertuez gain, udaberrian egitekoak ginen beste hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan ditugu; tartean, Azpeitiko Kultur Mahaiko taldeekin eta herriko eragileekin elkarlanean antolatutakoak. Data berriak izan bezain pronto argitaratuko ditugu kulturaz.eusen".