Koronabirusa Azpeitian

"Elkarrekin bagaude, azpeitiarrok gaitasuna izango dugu erronka honi aurre egiteko"

Espainiako Gobernuak konfinamendua agindu zuenetik hilabete bete da gaur, eta horren harira, orain arteko balorazioa egin du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Koronabirusak "krisi soziosanitario eta humanoa" eragin duela nabarmendu du hark, eta hilabete hau "oso gogorra" izan dela. Dena dela, "egunez egun aurrera" egiten ari direla azpimarratu du. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie osasun arloan nahiz oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko lanean ari direnei, eta etxean geratu diren adinekoen eta haurren jokabidea txalotu du. Gainera, koronabirusaren proban positibo eman dutenak eta haien gertukoak gogoan izan ditu.

Azpeitiarrak erakusten ari diren "elkartasuna" ere nabarmendu du alkateak. "Une konplexu honetan azpeitiarrek erakutsi dute elkartasuna dela gure oinarria. Azpeitiar asko izan zarete ondokoari laguntzea erabaki duzuenak, eta eredugarri izaten ari zarete". Udalaren arduraz ere hitz egin du alkateak. "Udalari dagokio herritarren beharrei erantzutea beti, baina orain inoiz baino gehiago. Horregatik, lehentasuna izango da herritarrei entzutea eta haien beharrak identifikatzea, baita behar horiei ahalik eta erantzun egokiena emateko bide eraginkorrak martxan jartzea ere". Horregatik, Gizarte Zerbitzuak indartu eta beste hainbat zerbitzu martxan jarri dituztela azaldu du Alkortak. Besteak beste, boluntario sarea 200 herritarren beharrei erantzuten ari da; herriko merkatariei esker, koronabirusagatik babesteko materiala banatu dute, azoka martxan mantentzeko neurriak hartu dituzte, janari bankuaren maiztasuna handitu dute, ikasleek telematikoki ikasten jarrai dezaten baliabideak jarri dituzte... Hainbat neurri ekonomiko ere hartu dituzte, "inor atzean ez geratzeko helburuarekin".

Alkateak azaldu du "laster" hasiko dela Azpeitia egoera honetatik aurrera ateratzeko bidea ikusten. "Elkarrekin bagaude, azpeitiarrok gaitasuna izango dugu erronka honi aurre egiteko. Ez da erraza izango, zailtasunak izango ditugu, udala bera ere egokitzen joango da egoera berriari erantzuteko. Uste dut denok elkarrekin baldin bagoaz, egoera honi baikortasunez aurre egiteko aukera izango dugula. Eta sinisten dut, eta ziur nago, hemendik denok batera, inor baztertu gabe eta herri hobe bat eraikiz, aurrera aterako garela".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide