Koronabirusa Azpeitian

Alarma dekretua apirilaren 26ra arte luzatu du Kongresuak

Uztarria.eus 2020ko api. 10a, 12:13
Azpeitiko plaza konfinamenduan. (Alex Berasategi)

Alarma egoera eta, ondorioz, itxialdia, apirilaren 26ra arte luzatzea onartu zuen atzo, osteguna, Espainiako Kongresuak. Pedro Sanchez presidenteak beste luzapen bat eskatzea aurreikusten duela ere adierazi zuen.

Alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatuko zuela adierazi zuen orain astebete Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Hala ere, luzapen hori indarrean sartzeko Kongresuaren oniritzia behar zuen, eta atzo egindako saioan jaso zuen. Gobernua osatzen duten PSOEk eta Unidas Podemosek aldeko botoa eman zuten, baita PPk, Ciudadanosek, EAJk, Mas Paisek, Compromisek, CCk, UPNk, Foro Asturiasek, PRCk eta Teruel Existek ere; EH Bildu, ERC, Junts per Catalunya eta BNG abstenitu egin ziren; eta VOXek eta CUPek aurka bozkatu zuten. Itxialdia, printzipioz, apirilaren 26ra arte luzatuko bada ere, Sanchezek ohartarazi zuen hamabost egun barru alarma dekretua berriro luzatu beharko duela pandemiari aurre egiteko.

Moncloako Itun berria egiteko bilera ere deitu zuen Sanchezek atzoko saioan. Alderdi politikoak, sindikatuak, enpresarien patronala eta autonomia erkidegoetako presidenteak deitu ditu, besteak beste, bilera horretan parte hartzera. Koronabirusaren krisialdiaren ondoren, Espainia "berreraikitzea" du helburu itun berri horrek. Euskal alderdi nagusiek bileran parte hartuko duten edo ez azaldu zuten: EAJk parte hartzeko prest dagoela adierazi zuen, eta EH Bilduk ez zela joango aurreratu zuen.