Koronabirusa Azpeitian

Belen Zendoia: "Auzotarrek asko eskertzen dute giroa alaitzeko ekintzak antolatzea, eta horrek poz ematen dit"

Uztarria.eus 2020ko api. 8a, 21:04

Etxean ere bada festarako aukera, eta ondo dakite hori Euskal Herria auzuneko bizilagunek. Konfinamendua hasi zenetik denetariko jaiak egin dituzte, eta festa kalean antolatu ezin denez, balkoietan egiten dituzte ospakizunak. Kaldereroak, danborrada, jai mexikarra... denetarik egin dute azken aste hauetan, konfinamenduko egunak pixka bat alaitzeko asmoz. Belen Zendoia arduratu da irudimena dantzan jarri eta festa horiek guztiak antolatzeaz.

Zer dela-eta hasi zinen auzoa girotzeko ekintzak antolatzen?

Itxialdia hasi zenean, txaloak jotzera ateratzen ginen 20:00etan, eta, amaitzean, guztiok triste itzultzen ginen etxe barrura. Egun batean, telebistan ikusi nuen Donostiako auzo batean jendeak ekintza desberdinak egiten zituztela lekua alaitzeko, eta pentsatu nuen lan polita izan zitekeela antzeko zerbait egitea gure auzoan. Oroitu nintzen banuela megafono bat, karnabaletan Hollywoodeko pertsonaiez jantzita irten ginenean ibili genuena hain zuzen. Nahiz eta ez zuen potentzia askorik, hura hartu, eta hodi batera lotu nuen, musika hobeto entzun zedin. Megafonoari nire mugikorra lotu, eta horrela hasi nintzen. Auzotarrek asko eskertzen dute giroa alaitzeko ekintzak antolatzea, eta horrek poz ematen dit.

Noiz egin zenuten aurreneko festa?

Hasieran, kantuak entzungai jartzen eta gure balkoietan dantzatzen hasi ginen, egun batean danborrada egin genuen arte. Alabak esan zidan ederra izango zela banderadun eta guzti irtetea, eta ideia polita iruditu zitzaidan. Ez nuen jantzirik, baina etxeko armairuetan arakatzen hasi nintzen, eta azkenerako traje guztia osatu nuen, goitik beherakoa; txapel eta guzti. Hiru ordu inguru eman nituen trajea prestatzen, etxean nituen denetariko materialarekin. Egun hartan gustura asko aritu nintzen aurkezlearen, kantineraren eta banderadunaren paperean jarrita. Primeran pasatu genuen, eta giro paregabea sortu zen auzoan. Orduko irudiak asko zabaldu ziren herrian, eta ez zait axola. Iruditzen naiz modu horretan beste auzoetako jendea ere agian animatuko delako festak antolatzera. Joan den astean ikusi nuen Goikokalean egindako Sevillako feria. Mundiala iruditu zitzaidan. Zoragarria, benetan.

Zer motatako jaiak egin dituzue orain artean?

Astegunetan denetarik egiten dugun arren, ostegunean hasten da egitaraua. Ostegunero pintxo poteoa egiten dugu. Balkoira ateratzeko kalera joango bagina bezala janzten gara. Megafonoa hartu, eta irudimena dantzan jartzen dugu: aurrena Jim Clark tabernan hartzen dugu tragoa, eta topa egiten dugu auzoko guztiok elkarrekin. Pintxo bat jan, eta musika jartzen dugu. Gero, Pastorkuara joaten gara oinez. Bitarte horretan broma batzuk ere botatzen ditugu megafonotik: "Kontuz takoiekin!", eta horrelakoak. Behin Pastorkuara iristen garenean, han ere brindisa egiten dugu. Azken eta hirugarren tragoa, berriz, Izaro tabernan hartzen dugu. Ederra izaten da. Ostiraletan umeentzako festa prestatzen dugu. Izan ere, ume ugari bizi dira auzoan, eta haiei egunak alaitzeko asmotan antolatzen dugu jaia. Pailazoz janzten gara, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen musika ipintzen dugu megafonotik. Asteburuetan festa landuakoak egiten ditugu, hala nola danborrada, jai mexikarra, kaldereroak…

Nola komunikatzen zara auzotarrekin?

Whatsapp taldea sortu dugu: Radio Patio. Handik ematen dizkiogu berriak elkarri. Nik asteburako asmoak ostegunean jakinarazten dizkiek gainerakoei, Whatsapp bidez. Astean zehar ere bertatik hitz egiten dugu. Astelehenean, esaterako, Zaldibarko zabortegian desagertutako langileen omenezko musika jartzea adostu genuen. Atzo auzoko gaztetxo baten urteak izan ziren, eta bere gustuko musika jarri eta abestu genuen.

Denbora dezente eskaintzen diozu prestaketa lanei...

Bai, baina gustura egiten dut. Jende askori entzun diot konfinamenduan loditzen ari dela. Ni, aldiz, argaltzen ari naiz [barreak]. Beti ari naiz zerbait egiten edo prestatzen. Dagoeneko datorren asteburuko ideia ere garatuta daukat. Oraindik ezin dut esan zer egingo dugun, auzotarrei ere ez baitiet azaldu. Hala ere, ziur nago polita izango dela. Ea eguraldiak laguntzen duen... Kalean ez ezik, Whatsappean ere giroa alaitzen saiatzen naiz. Radio Patio taldean Radio Loiola antolatu dut, eta bertan, goizetan, auzotarrei abestiak eskaintzen dizkiet. Aspaldian gitarra jo gabe egon banaiz ere, berriro ekin diot musika sortzeari, eta lau akorderekin bada ere, egunero bidaltzen diet abesti bat bideoz. Gustora hartzen dute denek, eta ni, pozik.

Gainerakoan, zer moduz daramazu konfinamendua?

Esateak lotsa ematen didan arren, oso ondo daramat. Ni oso etxezalea naiz, eta apenas irteten dut kalera urtean zehar. Karnabaletan-eta bai, baina ez askoz gehiagotan. Denborapasa ugari ditut: lorak zaintzea, margotzea, gitarra jotzea, jostea... ez naiz inoiz aspertzen etxean. Garbitzen ere nahikoa lan badut hemen, etxea handia baita. Hori bai, asko sumatzen ditut faltan familiakoen besarkadak eta muxuak.