Koronabirusa Azpeitian

Bizi bat munduratzea konfinamenduan

Goizane Aranburu, haur jaioberriarekin.

Erditzea, haur bat mundura ekartzea. Bestela ere ekintza nahiko berezia da ama izatea, eta are gehiago, konfinamendu garaian. Goizane Aranburuk martxoaren 22an izan zuen seme txikia, eta egoera nola bizitzen ari den kontatu du.

Bederatzi hilabetez haren zain egon ostean, ostikoak sumatzen eta izaki berriaren aurpegia nolakoa izango zen irudikatzen egunak eman ondoren, martxoaren 22an munduratu zen Joanes. Haren gurasoek ez zuten sekula pentsatuko egoera horretan jaioko zenik semea; koronabirusak eragindako konfinamenduak bete-betean harrapatu baitu haren etorrera. Egoera berezia da, nola ez, etxekoak bizitzen ari direna. "Beti gogoratuko dugu semea salbuespen egoera honetan iritsi zela mundura. Egunen batean kontatzen diogunean, ez dakit sinetsiko duen!", azaldu du Goizane Aranburuk (Azpeitia, 1983). Semeari oraindik ezin dio bizitzen ari direna kontatu azpeitiarrak, baina egunkari honetan aletu ditu bere esperientziak.

Aranburu 40. asteko kontrola egitera joan zenean hasi zen nabaritzen haurraren etorrera berezia izango zela, egoerak hala behartuta. Azken kontrol horretan, bikotekidea ondoan izan zuen azpeitiarrak, baina medikuek ohartarazi zioten hura ezingo zela gainontzeko saioetara joan, koronabirusaren eraginez ezarri zituzten protokoloak tarteko. Erditzeko unean bikotekidea ondoan ez zuela izango barneratzen hasia zen Aranburu, baina azkenean, ez zen halakorik gertatu. "Dena bikain joan zen. Bikotekidea ondoan izan nuen erditzean, eta ez genuen nabaritu ezohiko egoera batean geundenik. Gauza bakarra antzeman genuen: maskarak jantzita egon behar izan genuen denbora luzez; gero, baimena eskatu genien maskarak kentzeko, eta utzi ziguten".

Eguerdi aldera jaio zen Joanes, eta gau horretan bertan, espero ez zuten zerbait gertatu zen. "Nire bikotekideak eztarriko mina zuen, eta erizainari ibuprofeno bat eskatu nion. Alarma piztu zen orduan. Bikotekideari esan zioten hobe zuela etxera joatea segurtasunagatik, eta 03:00etan ospitaletik alde egin behar izan zuen". Hala, bakarrik pasatu zuen lehen gaua Aranburuk. Egoera nolakoa zen ikusita, lehenbailehen etxera etortzea erabaki zuen bikoteak, eta hurrengo egunean etxean ziren hirurak. "24 ordu besterik ez genituen eman ospitalean".

Erditu aurreko egunetan ere, Aranbururi ez zion lagundu ezohiko egoerak behar zuen atsedena hartzen. "Erditu baino bi aste lehenago hartu nuen baja lanean. Ostegun batean utzi nion lan egiteari, eta hurrengo egunean eskolak ixteko agindua eman zuten. Orduantxe hasi eta amaitu zen nire atsedena". Izan ere, Aranburuk 3 urteko beste alaba bat du, eta haren zaintzaz arduratzea tokatu zitzaion eskolak itxi eta hurrengo egunetan. "Egunero 07:00ak aldera jaikitzen da gure alaba, eta harekin eskulanak, puzzleak, marrazkiak... egiten aritzen nintzen. Nire bikotekideak telelana egin beharra zuen, eta nik hartu nuen umearen ardura".

Erditu aurreko azken egun horietan paseatzeko beharra sentitzen zuela ere azaldu du Aranburuk, baina konfinamendua tarteko, ezinezkoa izan zitzaiola. "Mugimendua behar nuen erditzea martxan jartzeko, eta momenturen batean pentsatu nuen haurraren etorrera atzeratuko zela". Azkenean, baina, ez zen horrelakorik gertatu: "40 asteak pasatu eta hiru egunera etorri zen gure txikia".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide