Ainhoa Alonso: "Paisaia etengabe ari da aldatzen"

Ainhoa Alonso.

EHUko Geologia graduko Mineralogia eta Petrologia Saileko irakaslea eta petrologia igneoan aditua da. Beste hainbat adar ere baditu aztergai. 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian elkarrizketa egin dio Anartz Izagirre kazetariak.

Azpeitiko nahiz inguruko orografia guztiak milioika urte ditu, eta geologoek egitura hori zertan datzan zein material horiek nolakoak diren aztertzen dute, besteak beste. Ainhoa Alonsoren (Azpeitia, 1970) arabera, inguruko paisaia etengabe ari da aldatzen, eta klima aldaketak ere eragina izango du paisaiaren eraldaketa horretan.

Nola laburtuko zenuke Geologia zer den?

Geologiak lurrean ditugun materialak zerez eginda dauden aztertzen du, eta material horien egituren zein horietan eragiten duen prozesuaren berri ere ematen du. Besteak beste, historian zehar, gure planeta, bertako materialak, prozesuak zein organismoak nola joan diren aldatzen ikertzen dugu geologook. Geologia funtsezkoa da gizartearen beharrizanei erantzuteko, eta eragin zuzena eta erabatekoa du gure bizitzetan, hala nola arrisku naturalak, baliabide naturalen kudeaketa jasangarria eta aldaketa klimatikoa ulertzeko.

Beraz, hainbat adar dituen zientzia da.

Bai, barne-atal ugari daude Geologiaren barruan. Besteak beste, mineralogia, kristalografia, petrologia, paleontologia, sedimentologia eta geofisika, batzuk aipatzearren. Petrologian, adibidez, arroken jatorria, eraketa eta historia aztertzen dira beste hainbat gairen artean, eta hiru atal nagusitan banatzen da adar hori: petrologia sedimentarioan, igneoan eta metamorfikoan.

Zein adarretan zara espezializatua?

Petrologia igneoan naiz aditua, eta besteak beste, magma bat nola sortzen den, nola hozten den eta arroka bolkanikoak zein plutonikoak nola bilakatzen diren aztertzen dut. La Serenako [Badajoz, Espainia] arroka plutonikoen inguruko doktorego tesia egin nuen, eta egun hainbat material arkeologikoren ezaugarriak aztertzen ari naiz. Euskal Herriko eta Espainiako hainbat aztarnategitan erabiltzen zuten zeramika erromatarra aztertzen ari naiz, baita zeramika horiek egiteko erabiltzen zituzten lehengaien jatorria ere. Bestalde, antzinako gizakien eta animalien migrazioak eta dietak ikertzen ditut, isotopoen azterketen bidez.

Besteak beste, lurraren historia lantzen duzue. Jakin al genezake noiz sortu zen Azpeitia eta ingurua?

Azpeitiko eta oro har gure bailarako arrokak 250 milioi urte iraun zituen prozesuan eratu ziren, eta inguruan hainbat garaitan sortu ziren arroka eta egitura ugari ikus daitezke. Azpeitiko herrigunearen azpialdean Jurasikoko kareharriak ditugu; adibidez, denok ikusi ditugu Alberdieneako lursailetan egiten ari diren etxeen azpian dauden kareharriak, eta bertan ammonite fosilak aurkitu dituzte. Jurasiko garaiko kareharri horiek itsaspeko sakonera txikiko plataforma batean metatu ziren. Izarraizko mendizerra ere kareharriz osatuta dago; Behe Kretazeoan eratutako fosilez beterik dago ingurune hori.

Etxebeltz-Izarrako lur eremuan, berriz, Triasiko garaiko buztina, gatza eta igeltsua daude. Garai hartan, duela 220 milioi urte inguru, sakonera txikiko itsaso zabala zegoen han, eta klima lehorrak lagundurik, gatzak eta igeltsuak sortu ziren. Adineko herritarrek gogoan izango dute leku horretan zuloak zeudela eta lurra hondoratu egiten zela. Nire amak, adibidez, gogoan du txikia zenean debekatuta zuela jolastera gune horretara joatea. Etxebeltz-Izarrako igeltsu eta gatz horiek hausturei esker azaleratu ziren, eta Urrestillan eta Errezilen ere ikus ditzakegu material horiek.

Oso egitura politak ditugu inguruan. Arauntza mendira igo eta Izarraitz aldera begiratzen badugu, zamalkamenduen toles ederrak ikus daitezke, hau da, arroka zaharrak gazteagoen gainean jartzen direnean sortzen diren hausturak. Horrez gain, ederra da Hernioko u itxurako tolesa ere.

Nola eratu ziren inguruko mendiak?

Gure inguruko mendietan ikusten ditugun tolesak eta hausturak orogenia alpetarraren ondorio dira, eta duela 65 milioi urte gertatu zen hori. Indiako ozeanoren irekiduraren ondorioz, Afrikako plakak Iberiar penintsula iparralderantz bultzatu zuen Europako plakarekin talka eginez, eta itsaso azpian zeuden materialak tolestu, apurtu eta altxatu eta mendiak sortu ziren. Kareharria da nagusi inguruko lurretan.

Zer berezitasun du material horrek?

Kareharria karbonatoz edo kaltzitaz osaturiko arroka sedimentarioa da. Uretan ugariak dira kaltzio eta bikarbonato ioiak, eta bien baturak kaltzita osatzen du. Gehienetan ur garbietan, epeletan eta sakonera gutxikoetan eratzen dira kareharriak; batzuetan, maskorrez, koralez eta beste hainbat materialez osatuta egon ohi dira, eta beste batzuetan, lakuetako eta ozeanoetako uretako kaltzio karbonatoaren hauspeaketa zuzenez eratzen dira. Kareharriak lurrunketaren ondorioz ere sor daitezke; adibidez, kobazuloetan zorura erori aurretik ura lurrundu egin daiteke, eta gunean disolbaturik dagoen kaltzio karbonatoa sabaian metatu eta estalaktita bat sor daiteke. Gaur egun, kareharriak eratzen ari dira munduko hainbat ozeanotan; besteak beste, Karibe itsasoan, Indiako ozeanoan, Ozeano Bareko hainbat uhartetan eta Indonesiako uharteetan.

Zein da gure inguruko paisaia geologikoak sortu zenetik izan duen bilakaera?

Paisaia etengabe ari da aldatzen. Askotan, partzialki borratu egiten da, baina geologook arrasto horiek irakurri eta paisaiaren garapenaren etapak berreraiki ditzakegu. Erliebeak dituen ezaugarri geologikoetatik (morfologia, egitura, konposizioa...) abiatuta, gaur egunera arte gertatu diren aldaketak zeintzuk diren ezagutu eta etorkizuna iragarri dezakegu. Gaur egungo paisaiak orogenia alpetarrean eratutako mendi-erliebeen higadurak eragin ditu, sistema karstikoak oso garatuta daude, eta ibaiaren dinamikaren arrastoak zeintzuk diren ere ikus dezakegu. Hemendik milaka urtera, erosioek beren lana egiten jarraituko dute, eta mendiak desagertuz joango dira. Urola ibaiak ere bere lana egiten jarraituko du; azpiko arrokak higatu egingo dira, eta agian, ibaiaren ibilbidea aldatu egingo da.

Klima aldaketa pil-pilean dago azkenaldian. Nolako eragina du klima aldaketak lurrazalean?

4.600 milioi urtetan klima aldaketa ugari jasan ditu lurrak: batzuk, pixkanaka gertatutakoak; eta besteak, bat-batekoak. Aldaketa horiek ingurune geologiko ugaritan pasatzen dira: itsasoko eta lekuetako sedimentuetan, izotzetan, koral fosiletan eta abar. Garbi dagoena da gizakion bizimoduak eragin zuzena duela prozesu geologikoetan, eta luiziak, ekaitz tropikalak eta uholdeak bizkortzen dituela, baita baliabide naturalak hondatu ere. Itsas-maila, adibidez, oso sentikorra da, eta itsasoko mailaren igoeraren abiadura handitzeak eragin kaltegarriak ekarriko lizkiguke. Klima aldaketak itsasertzean du eragina. Bestalde, estalagtiten azterketak eta kobazuloetako sedimentuetan dauden aztarnen ikerketa geokimikoak iragan hurbilean izandako klima aldaketak zeintzuk diren ezagutzeko balio digu geologooi. Klima aldaketa horiek nolakoak izan ziren ezagutzeak etorkizuneko egoera iragartzen laguntzen digu.

Lurrikararik edo bestelako fenomeno naturalik izateko aukerarik ba al da Euskal Herrian?

Euskal Herria ez da zonalde sismikoa, nahiz eta lurrikara batzuk gertatu izan diren. Lurrikararik gehienak Pirinioetako zonaldean gertatzen dira. Martxoaren 16an, adibidez, Goizuetan [Nafarroa] lurrikara txiki bat izan zen, 18 kilometroko sakoneran. Kontuan izan behar dugu gure planeta dinamikoa dela, eta mugitu egiten direla plaka tektonikoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arrisku sismikoen banaketa mapa bat dugu, baita emergentzia plan bat ere.

Nolako eraginak izango lituzke lurrikara batek Azpeitian?

Esan bezala, oso aukera gutxi dago Azpeitian lurrikara bat gertatzeko, eta halakorik gertatuko balitz, eraginak oso ahulak izango lirateke.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide