Koronabirusa Azpeitian

Positibo berririk ez dute atzeman Azpeitian

Uztarria.eus 2020ko api. 7a, 15:56

Igandeko datuen eguneraketaz geroztik, zortzi dira herrian COVID-19 gaitza dutela baieztatutako kasuak. Biztanle kopuruaren arabera, Azpeitiko osasun eremua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kutsatze tasa txikiena duena; Azpeitiak eta Errezilek osatzen dute aipatutako osasun eremua. Urola Kostan, berriz, beste zortzi positibo baieztatu dituzte atzo 20:00ak bitartean; ia guztiak, zazpi, Zarautzen, eta bestea Orion.

Koronabirusak kutsatutako baieztatutako kasu berririk ez dute atzeman Azpeitian azken bi egunetan. Igandeko datuen eguneraketaz geroztik -zapatuko 20:00ak artekoak ziren horiek-, zortzi dira herrian COVID-19 gaitza dutela baieztatutako kasuak.

Datu horiekin, azken egunetan bezala, Azpeitikoa da biztanle kopuru kontuan hartuta koronabirusaren kutsatze tasa txikiena duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun eremua. Positiboen, heriotzen eta koronabirusaren krisiaren eboluzioaren beste hainbat daturekin batera, Eusko Jaurlaritzak egunero ematen du osasun eremukako kutsatze tasen berri. Baieztatutako zortzi kasu positiborekin, biztanleen %0,05 da kutsatutakoen ehunekoa Azpeitiko eremuan. Azpeitiak eta Errezilek osatzen dute osasun eremu hori; guztira, 15.445 biztanlek. 100.000 biztanleko kutsatze tasa da Jaurlaritzak bere zenbaketan ematen duena; taula horretan, 58.3 puntukoa da Azpeitiko eremuari dagokion tasa. Tasa txikienetik handienerako zerrenda horretan Azkoitikoa da hurrengo osasun eremua, 58.9ko tasarekin. Gasteizko Abetxukoko osasun eremua da, aldiz, kutsatze tasa handiena duena Araban, BIzkaian eta Gipuzkoan.

Zarautzen zazpi, Orion bat

Eusko Jaurlaritzak gaur eguerdian jakinarazi dituen datuen arabera, atzo iluntzea bitartean Urola Kostako herrietan 162 lagunek eman dute positibo koronabirusaren krisia hasi zenetik. Hala, azken 24 orduetan, zortzi kasu berri atzeman dituzte eskualdean. Zarautz da gaitzak jotako herritar gehien dituen eskualdeko herria; 89 lagun daude gaixo, eta horietatik zazpi kasu baieztatu dituzte azken orduetan. Zumaian 34 herritarrek dute koronabirusa, eta Orion hamalauk; izan ere, Orion kasu berri bat atzeman dute azken orduetan. Azkoitian zazpi dira positibo eman duten herritarrak, Getarian eta Zestoan hiruna, eta Aian eta Aizarnazabalen bina. Hauek, beti ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko datuak dira, benetan gaixorik dagoen herritar kopurua handiagoa izan daiteke eta.

12.376 lagun kutsatuta Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian, berriz, dagoeneko 12.376 lagun daude kutsatuta, eta 788 hil dira gaitzaren eraginez. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 9.021 kasu positibo baieztatu ditu Osakidetzak orain arte, eta 211 azken orduetan atzemandakoak direla jakinarazi du. Gainera, gaitza zuten 38 lagun hil dira herenegundik eta, guztira, 586 dira COVID-19aren eraginez zendu direnak. Nafarroan, berriz, 3.355 dira COVID-19 gaitzarekin kutsatutkoak, eta 202 hildakoak. Hala, azken orduetan, 104 positibo berri eta 15 hildako zenbatu ditu Nafarroako Gobernuak. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago.