Bizitza eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2020ko api. 10a, 10:57
(Itziar Aranguren)

Olatx Arangurenek 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Etxean beti izan dugu eraikuntzan dabiltzanekiko begirunea. Ez alferrik. Aitak bizitza osoa eman zuen lanbide horretan. Edozein tokitara gindoazela ere, "han, nik egindako..." entzutea ohikoa zen. Bitartean, autoaren atzeko leihoan nondik gindoazen begira, arretarik galdu gabe, ume nahiz nerabe, barre egiten genuen, ba ote zen munduan berak eraiki gabeko zer edo zer.

Esku handiak zituen. Lanean zailduak. Astoak hortzaka egin eta giza geografiaren beste koordenatu batzuetako haragiz txertatuta zeukan behatz punta. Beste garai bateko ibilerak. Beste garai bateko jendea. Baina ez hain aspaldikoa. Denetarik egitea tokatu zitzaion. Denetarik ikustea tokatu zitzaion. Izan ziren Dumperraren azpian zapalduta geratutako lankideak, besoz beso lanean ibili eta haien garrasien aurrean ezer egin ezinik etxeratutako egunak. Zaldibarrek ikusarazi dizkigu ezkutuan izan diren errealitateak. Errutina izan da bizitzak irabazien menpe jartzea, zeinbaitek oasi deitutako honetan.

Ez dugu urrutira begiratu behar infernua izandako labeak sumatzeko. Lantegia gelditzen zenean, korrika eta presaka egin behar izaten ziren konponketak, produkzioa berrabiatu aurretik. Nahiz saninazioak izan. Nahiz uztaileko edo abuztuko egun sargoriek arnasa hartzea galarazi. Enparan atzean utzi ziguten urte hartan txosnak jartzen, Itsasiren eraikin zaharra zegoen lekuan. Gogoan dut nola ezkutatu nintzen txosna atzean infernutik etxerako aitaren bisaia ikusi bezain pronto. Ezin izan nion aurrez aurre begiratu. Ez ginen konturatzen poltsikoan genuen diruak zenbat balio zuen. Festa, parranda eta lagunartea, ez genuen gauza gehiegirik buruan. 15-16 urte, mundua jateko irrikaz.

Agintariak zinta moztera bertaratzen ziren errepide edo tunelen bat bukatutakoan. Lokatzez leporaino, tente ibili ezinezko aldapetan, hondeamakina handiekin bizitza arriskuan jartzen zutenak beste batzuk izan, ordea. Gaur egun, etorkinentzat erreserbatuta ditugun lanbide nahiz ordutegiak bertako baserritarrek eta Espainiatik etorritakoek betetzen zituzten orduan. Zeregin luze, gogor, itsusi, presazkoren bat zenean, bokata ardo botilarekin eskaini eta ohi baino diru gehiago ordainduko zitzaiela esanez, lanean gerarazten zituzten zenbait gautan. Egun osoz lanean aritu ondoren. Kapitala irabazle orduan ere. Lanerako bizi izan zen urte askoan.

Odolustutako jendartea

Soinu txikia jotzen ikasi nahi nuela eta, Gabonak lan ordu estrak sartzen pasatu ondoren jaso nuen Erregenetan infernuko hauspo distiratsua. Handik urte batzuetara, bion arteko gatazka iturri bihurtu zen. Nerabezaroan trikitia baino beste musika mota batzuk nahiago.

Bizitza ez da erraza batzuetan. Nahiz eta nagusietako bat izan, estimatua zuen Inaxio Uria. Hormigoia botatzea bezalako presazko lanetan, bat gehiago balitz bezala, beren ondoan lanean jartzen zekiela zioen. Hori ez zuela edozeinek egiten. Estimua bi norantzetakoa zen. 35 urtetik gora egin zituen aitak haientzat lanean. Zaildutako makinista zen. Esperientzia gaztetasunaren aurrean.

Euskal gatazka gazteenei gerturatzeko modua izan dut azkenaldian lanean ikergai. Belaunaldi gazteenek ez dute bizi izan; zenbaitek ez du inoiz halakorik entzun. Gatazkak gurean aurpegi asko izan ditu. Odolustutako jendartea gara. Ideiak, printzipioak edo kapitala giza bizitzaren gainetik jartzen jarraitzen dugu.

Bizitza xurgatu zieten soldataren truke. Euskal gatazkaren mataza ez da soilduko isilean geratutako bizitza hauek ere ez baditugu mahai gainean jartzen.

Eta hiru urte esku handi haiek estutu gabe, hiru urte bizitza eraikitzen.