Habanako postalak

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2020ko api. 6a, 10:22
(Itziar Aranguren)

Miel Anjel Elustondok 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Zoriontsu bizi nintzen. Iraultzaileen artean, neska-mutikoak libertitu egiten ginen. Bagenekien eskasia zegoela, arropa gutxi genuen, baina ez ginen erabat pobre bizi. Jateko gutxi genuen, baina ez amerikarren bahimenduagatik, herrialdean bertan gauzarik txikienak ekoizteko gai ez ginelako baizik. Dena ‘nazionalizatu’ zuten, dirua ematen zuten industria guztiak, enpresak, negozioak... nazionalizatu. Krisi garai latza izan zen. Baina pobrezia eta miseria guztiak gorabehera, haurrak hazi egin ohi dira, eta gu ere hazi egin ginen, hezkuntza sistemako ideologia marxista-leninista eta kastrista hartan.

Halako batean, 1980an, Kubako sistema diktatoriala eta basatia zela jabetu nintzen. Urte hartan, kubatar asko Peruko enbaxadara sartu ziren. Beste askok, berriz, Arieleko portutik ihes egin zuten. Nik, berriz, nire auzoak, ezagunak, lagunak, kideak... alde egiten ari zirenei ttu egiten ikusi nituen; gobernuak berotuta, jakina. 'Zaborra' omen ziren, izen horixe eman zien gobernuak. Orduantxe jausi nintzen. Arbuioa zen. Jendea ikusi nuen, etxean ezkutatuta, atarian jendea zain zutela, patata ustelak botaka. Desengainu galanta hartu nuen. Aurretik ere banekien sistemak ez zuela funtzionatzen, baina neure begiez ikusi nuenean, entzundakoak, ikasitakoak, irakurritakoak etorri zitzaizkidan gogora, eta diktaduran ginela ohartu nintzen.

Kubako gauza bera

Alemana ikasi nuen Habanako hizkuntz eskola batean. Gero, itzultzaile jardun nuen Kuban bertan, baina ez luzaro, inteligentzia zerbitzuarentzako lan egitera eraman baininduten Berlinera, Ekialdeko partera. Kubako ofizialek ez zekiten alemanez, eta itzultzaile jardun nuen nik han, batzuen eta besteen artean. Agiriak itzultzea ere egokitu zitzaidan, baina ez nintzen espioi.

Ekialdeko Alemanian nengoela, inguruko hainbat herrialdetan izan nintzen: Hungaria, Txekiar Errepublika, Bulgaria, Sobietar Batasuna, Polonia... Eta han ere Kubako gauza bera ikusi nuen, jendeak ez zuela sisteman sinesten, sistema totalitarioa zela, erreforma batzuk gorabehera. Inork ez zuen sistema hura nahi. Esate baterako, erabat desengainatu nintzen Moskun, 1986an, ekonomiaren egoera ikusi nuenean, zeharo suntsituta baitzegoen! Suziriak, hegazkinak eta armadarik indartsuena zituzten, baina elikagaiak, kontsumoa, administrazioa... pekoz gora zeuzkaten. 'Komunismoaren hiriburua Mosku, eta hauxe da egoera iraultzatik 70 urtera. Hau ote da, bada, gure geroa?'.

Esaterako, Moskun bertan hasi nintzen ihes egiten pentsatzen. 1985ean, Kubako musikari bat heldu zen Ekialdeko Alemaniara. Laster adierazi zidan ez zuela Kubara itzuli nahi. Nirekin hitz egiteko beldurrez zegoen. Artean ez zekien biok luma berekoak ginen edo ez. Ni Kubako inteligentzia zerbitzuarentzako ari nintzen lanean, baina kontrainteligentzia zerbitzua ere han zen, ehunka ofizialekin! Jakin zuten musikari hark ihes egin nahi zuela, eta, jakina, ez zioten utzi nahi izan. Musikari haren pertsonarik hurrekoena, berriz, neu nintzen, eta beste agente bat izendatu beharrean, neuri agindu zidaten egitekoa. Ihesbiderik ez neukala jabetu nintzen. Ordurako, banituen zenbait kontaktu AEBetako enbaxadarekin, eta haraxe deitu nuen telefonoz, baina deia harrapatu zuten, eta ni atxilotzeko operatiboa abiarazi zuten".

(Jorge Luis Garcia Vazquez)