#EtxetikMundura

Amaia San Vicenteren ipuin kontakizuna, gaur #EtxetikMundura saioan

Uztarria.eus 2020ko mar. 28a, 13:27
Amaia San Vicente ipuin kontalaria.

Amaia San Vicente ipuin kontalariak irudimenez jantzitako istorioak kontatuko ditu gaur #EtxetikMundura egitasmoaren barruan eskainiko duen emanaldian. 20:00etan hasiko da #EtxetikMunduraren hamargarren saioa. Datozen egunetan ere herriko hainbat sortzaile izango dira #EtxetikMundura egitasmoan.

Gaurkoan Amaia San Vicente ipuin kontalaria izango da protagonista #EtxetikMundura egitasmoaren barruko hamargarren saioan. San Vicentek irudimenez betetako ipuinak eskainiko ditu 20:00etatik aurrera Uztarria.eus-en. 

Datozen egunetan ere izango dira emanaldiak; besteak beste, Azpeitiko musika bandako zenbait kidek, Olatz Alkorta margolariak, Lurdes Alkorta eta Enaitz Alberdi trikitilariek eta Paola Moto zinemagileak eskainiko dituzte saioak. Gainera, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!