#EtxetikMundura

Erniarraitzeko bertsolariak, etxetik mundura

Uztarria.eus 2020ko mar. 26a, 20:58

Bertso katea. Horixe eskainiko dute gaur, osteguna, Erniarraitz bertsozale elkarteko kideek. Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo hamalau bertsolarik parte hartu dute #EtxetikMundura egitasmorako prestatu duten saioan. Hain zuzen ere, puntu-erantzunen ariketa eskainiko dute ulene Itube, Jon Gurrutxaga, Eder Iturralde, Jon Ander Iriondo, Xabier Aldalur, Jokin Uranga, Oihana Labiano, Beñat Lizaso, Eneritz Artetxe, Jokin Sudupe Pio, Iñaki Tolosa, Irati Artetxe, Silvia Etxaniz, Ugaitz Beristain, Odei Labiano eta Naia Arrizabalaga bertsolariek. Egunero legez, 20:00etan hasiko da emanaldia, eta webgune honetan nahiz Maxixatzen.eus-en ikusi ahal izango da.

Dena den, Urola Komunikazio Taldeko (UKT) tokiko gainerako hedabideetan beste hainbat saio ikusi ahal izango dira gaur: Zarauzkohitza.eus-en Miriam Mendoza ipuin kontalariak, Karkara.eus-en Joseba Brit musikariak eta Baleike.eus-en Maria Zubimendi akordeo-jotzaileak eskainiko dituzte emanaldiak.

Bihar izango dute jarraipena emanaldiek; izan ere, herriko beste hainbat sortzaileren saioak prest ditu dagoeneko Uztarria.eus-ek, baita UKTko gainerako hedabideek ere. Dena den, tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!