Koronabirusa Azpeitian

TOKIKOMeko komunikabideak ahalegina biderkatzen ari gara gertuko informazioa inoiz baino xeheago emateko

Uztarria.eus 2020ko mar. 25a, 11:14
Azpeitiko bulegoa hutsik.

TOKIKOM sarea osatzen dugun 60 komunikabideak eta komunikabide horietan dihardugun 200dik gora lagunak ahaleginak eta bi egiten ari gara egunotan, eskualdez eskualde, herriz herri eta auzoz auzo sortzen ari den gertuko informazioa inoiz baino xeheago jasotzeko eta emateko.

COVID-19 birusak eragindako krisia globala bada ere, bere eragina tokian tokiko eguneroko bizimoduan igartzen ari da, eta toki komunikabideak inoiz baino paper garrantzitsuagoa jokatzen ari dira gertuko eragin horren berri ematen eta tokian tokiko komunitateen komunikazio eta koordinazio tresna gisa.

Funtsezko zerbitzua

Egunotan bizi dugun urduritasun egoeran, inoiz baino beharrezkoagoa da gertuko kazetaritza. Hedabide generalistak bikain ematen ari diren informazio orokorraz gain, herritarrok, gutako bakoitzak, askoz ere gertuagoko informazioa behar dugu egunerokoari aurre egiteko: gure herri edo auzoan zer gertatzen ari den, erosketa non egin dezakegun eta non ez, inguruan kasu asko ala gutxi daukagun... erabakiak hartzeko praktikoa zaigun informazioa. "Bizi garen ezohiko egoera honetan, ogia edo jana erostea bezain garrantzitsua da jakitea zerbitzu publikoak martxan ote dauden, sintomak garatuz gero zer egin behar dugun, edo etxekoak birusaren aurka babesteko zer egin dezakegun", gogorarazi du TOKIKOMeko komunikazio zuzendari Joxe Rojasek. Zerbitzu publikoko bokazioari helduta, toki komunikabideen sarea ezohiko ahalegina egiten ari da egunotan, populazioa puntualki informatuta mantentzeko, "eguneroko ekoizpena asko zailtzen duen kontestu batean".

Zentzu horretan, toki komunikabideek eta TOKIKOMek adierazpen bat argitaratu zuten joan den astean, beren baliabideak erakunde publikoen esku jarriz egunotan sortzen ari diren komunikazio behar bereziei aurre egiten laguntzeko.

Segurtasuna lehenetsiz

Haien zereginari uko egin gabe, toki komunikabideek beren langileen, erabiltzaileen eta populazio osoaren segurtasuna lehenetsi dute beste irizpideen gainetik, eta jarduera egokitu dute informazio eskubidea eta osasun publikoa babestea bateragarri egiteko. Besteak beste, eta egoeraren arabera, honelako neurriak hartzen ari dira TOKIKOMeko komunikabideak:

  • Telelana ezarri da medio guztietan, kontaktu fisikoa gutxituz langileen zein solaskideen osasuna babestu eta lan kontziliazioa errazteko.
  • Edizio digitalak indartu egin dira, eta haietan zentratzen ari da krisiaren unez uneko jarraipena.
  • Argitalpen fisikoen kasuan, banaketa sistemak egokitzen eta, kasu batzuetan, eteten ere ari dira, segurtasuna handitze aldera.

Esker ona

Amaitzeko, taldea osatzen duten 60 komunikabideen izenean, TOKIKOMek eskerrak eman nahi dizkie alde batetik langileei, egiten ari diren lan ederragatik, eta egun hauetan komunikabideen deiei erantzuten eta informazioa etengabe ematen ari zaizkigun aditu, aritu eta bestelako elkarrizketatuei, eta bestetik, toki komunikabideetako langileen lana errazten ari diren erakunde eta norbanakoei. Egunotan kalean lan egitea ez da samurra inorentzat, eta toki komunikabideetako langileek asko eskertzen dute topatzen ari diren lankidetza eta elkartasun jarrerak.

Koronabirusa herriz herri eta auzoz auzo

TOKIKOMen sarea 60 toki komunikabidek osatzen dute, eta guztiak ere ezohiko ahalegina egiten ari dira egunotan, koronabirusa eta alarma egoera herriz herri eta auzoz auzo uzten ari diren ondorioen berri emateko. Informazio hori guztia honako mapa interaktibo honetan kontsulta daiteke: