Koronabirusa Azpeitian

Miren Arregi: "Tallinen geratzea erabaki dut, hemengo egoera Euskal Herrikoa baino hobea delako"

Miren Arregi.

Erasmus programarekin, joan zen abuztuaz geroztik Tallinen da Miren Arregi (Azpeitia, 1999). Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasketak ari da gauzatzen han, baina egoera berezia bizi dute Estonian ere; hara ere iritsi da COVID-19 gaitza, baita haren ondorioak ere.

Estonian noiz hasi zen koronabirusaren krisia? 

Lehen koronabirus kasua otsailaren amaieran agertu zen Estonian. Iranen izan zen gizon batek eman zuen positibo orduan, baina gu aste batzuk geroago, unibertsitateak itxi zituztenean, ohartu ginen egoeraren larritasunarekin.

Atzora arte, 326 kasu atzeman zituzten Estonian. Ez da hildakorik izan. Zein da, zehazki, Tallineko egoera?

Tallingo egoera nahiko ona da. 326 lagun daude koronabirusak jota, baina oso gutxi daude ospitaleetan ingresaturik; 10 pertsona inguru. Ospitaleetako langileak prebentzioko arropekin aritzen dira lanean, noski, baina egoera nahiko lasaia da momentuz.

Alarma egoera ezarri du gobernuak. Zer neurri hartu dituzte?

Estonia alarma egoeran izango da maiatzaren 1era arte. Ordura arte, itxita izango unibertsitateak eta ikastetxeak, museoak eta zinema aretoak ere bai, ekitaldi publikoak debekatuta daude, eta aireportuetan, portuetan eta nahiz mugetan osasun kontrolak jarri dituzte. Gainera, Estoniako Gobernuak etxera itzultzea gomendatu die denboraldi baterako atzerrian dauden estoniar guztiei.

Nola eragin dizu unibertsitatearen itxierak?

Momentuz maiatzaren 1era arte izango dira itxita, eta egoera hau tarteko, etxetik ari naiz eskolak e-learning bidez jarraitzen. Azterketak ere etxetik egiten ditut.

Kalera-eta ateratzerik ba al duzue?

Bai, gaur-gaurkoz, kalera irten gaitezke. Beraz, batzuetan ateratzen gara kale buelta bat egitera. Hala ere, denbora asko pasatzen dugu etxean, gure aisialdi aukera asko murriztu dela esan genezake.

Etxera itzultzerik pentsatu al zenuen lehen egunetan?

Bai, noski, egoera hau noiz bukatuko den ez dakigunez... Hasieran beldurra ematen zidan hemen gelditzeak eta gero nik nahi nuenean etxera bueltatzeko aukerarik ez izateak; izan ere, hegazkin konpainia askok bertan behera utzi dituzte hegaldiak.

Zer dela eta erabaki duzu hor geratzea?

Hemengo egoera Euskal Herrikoa baino hobea delako. Horrez gain, bidaiatzeak eta aireportu desberdinetara joateak beldur pixka bat ematen dit orain; normalean jende pilaketa handiak egoten dira leku horietan.

Tallinen geratuta, nola ari zara bizitzen egoera?

Apur bat kezkatuta nago. Hasiera batean ez nuen uste hainbesterakoa izango zenik, eta orain egoera benetan larria dela iruditzen zait. Inpresio handia egiten dit kaleak hutsik ikusteak.

Ari al zara Euskal Herriko egoera jarraitzen?

Bai, egunero irakurtzen ditut albisteak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide