Koronabirusa Azpeitian

'The Cuarentena Show', entretenituz entretenitzeko

Uztarria.eus 2020ko mar. 20a, 17:00

Konfinamendua eramangarriagoa eta entretenigarriagoa egiteko, Katxopo FM The Cuarentena Show saioa sortu dute Iñigo Altunak (Azpeitia, 1998) eta Jon Zabartek (Azpeitia, 1998). Sare sozialek eskaintzen duten aukera baliatu dute, Instragramen egiten dituzte saioak; dagoeneko ordu erdiko bi saio egin dituzte, astelehenean eta asteazkenean. Biak 21:30etan "puntuan" hasita.

Astelehen Karnabalean, Xabier Euzkitzez eta Joxean Tolosaz mozorrotu ziren Altuna eta Zabarte, eta saria ere lortu zuten: banakakoetan bigarren saria. Pertsonaia horien larruan sartzen dira orain Instagrameko saioa egiteko. Baina nondik nora hasi dira orain Instagrameko saioarekin? Hala kontatu du Altunak: "Astelehen arratsaldean nire logelan nengoen, pixka bat aspertuta. Entretenitzeko, erabaki nuen Instagramen zuzeneko bat egitea, eta egin egin nuen. Gero, Zabartek idatzi zidan, ea iluntzean, gonbidatu eta guzti, zuzeneko bat egingo al genuen galdezka. Eta nik baietz".

Saioa bideo-dei bidez prestatzen dute. "Arratsaldeko bostak aldera, elkarrekin bideo-dei bat egiten dugu, eta saioan zein elkarrizketatuko ditugun-eta pentsatzen dugu. Ordubete inguru hartzen dugu iluntzeko saioa prestatzeko eta ideiak biltzeko", azaldu du Zabartek. Lehen saioan, saskibaloiko jokalari bat elkarrizketatu zuten, eta bigarrenean, besteak beste, Jon Alberdi pilotari profesionala. "Herri mailako saioa da, eta gertukoak ditugunak gonbidatzen ditugu gure saioan parte hartzera. Kirolari horiek gonbidatu genituen jakiteko etxean dauden bitartean zer egiten duten, eta etxean egon behar hau nola daramaten”. Elkarrizketez gainera, "albiste faltsuak" ere ematen dituzte, "umorez" beti: "Esaterako, saio batean esan genuen udaltzainak eta ertzainak garajeak zaintzen hasita zeudela, haietan jendea pasieran ibiltzen zela eta".

Helburu nagusi batekin egiten dute saioa: umorez, beraiek entretenitzea eta haiek jarraitzen dituztenek ondo pasatzea. Helburua lortu dutela diote, lehen saioa bukatu bezain pronto, hurrengoa noiz egin behar zuten galdezka zituzten jarraitzaileak: "Jendeak idatzi zigun esanez oso ondo pasatu zutela, familian denak batera ikusi zutela, eta saioa berriro egin behar al genuen".

Hurrengo saioa noiz?

Ez dakite hurrengo saioa noiz egingo duten. "Agian, asteburu honetan egingo dugu. Ez dugu nahi, ordea, jendea aspertzea eta saturatzea. Gure asmoa ez da egunero egitea", adierazi du Altunak. "Jendearengatik izan balitz, saioa egunean bi aldiz egin beharko genuke, baina guk ez dugu nahi jendea aspertzea. Ez dakigu bi egunetik behin edo astean bitan egingo dugun; hori ez dakigu".

Jendeak gustukoa izan du Altunaren eta Zabarteren saioa, eta horren adierazle da saioek izan duten harrera. "Astelehenetik, Instagramen jarraitzaile pila bat irabazi ditugu biok, izugarria da. Bi egunetan 130 jarraitzaile gehiago ditut", azaldu du Altunak. Asteazkenean, saioaren une batean, 250 pertsona ari ziren hura ikusten. Hala azaldu du Zabartek: "Instagramek bi datu ematen dizkigu: bata, sartu den jende kopurua; eta bestea, gutxi gorabehera zenbat pertsona egon den une batean edo bestean. Asteleheneko saioan, batez beste 150-180 pertsona egon ziren begira, eta guztira, ia 600 pertsonak ikusi zuten. Asteazkenean, berriz, 800 ikusle izan ziren, eta batez bestekoa 250 pertsonakoa izan genuen. Alberdiri elkarrizketa egin genionean, une batean, 280 pertsona batera egon ziren jarraitzen”. Garbi daukate biek beren helburua ez dela saioaren jarraitzaile kopurua, baina ilusioa egiten diote saioa jendeak jarraitzen duela ikusteak.

Jendearen parte hartzea ere bultzatzen dute Instagramen egiten duten saioan. "Jendeak komentarioak idatz ditzazke, eta galdera sortak eta inkestak ere egiten ditugu jarraitzen ari direnen artean, Kahoot aplikazioa erabilita", azaldu du Altunak. Lehiaketa kutsua emanda egiten dituzte galderak, eta, esaterako, aurrekoan egindako galderetako bat honakoa izan zen: "Zein da Azpeitiko taxilaririk onena?". Asteazkenean proposatu zuten galdera sortan 135 pertsonak parte hartu zuten. Gustura daude Altuna eta Zabarte beren saioak izan duen harrerarekin; azken batean, helburua betetzen ari direlako: ondo pasatuz eta umorez, beraiek eta jendea entretenitzea.