#EtxetikMundura

Felipe Murillo musikariaren emanaldia izango da gaur #EtxetikMundura saioetan

Uztarria.eus 2020ko mar. 20a, 13:47
Felipe Murillo musikaria.

Felipe Murillo musikariak eskainiko du #EtxetikMundura egitasmoaren bigarren saioa gaur, ostirala, 20:00etan. Atzo, osteguna, Iago Azkue magoak eskaini zuen lehen saioa.

Atzo, osteguna, estreinatu zuen Uztarria.eus-ek #EtxetikMundura emanaldi sorta. Iago Azkue magoak magia ikuskizuna eskaini zuen 20:00etan hasita, eta gaur, ostirala, Felipe Murillo musikariaren txanda izango da. Murillok hainbat kantu joko ditu pianoan, eta abestu ere egingo du saioan.

Datozen egunetan, berriz, Ekain Ibarguren pailazoak, Deñe Garcia-Bravo abeslariak, Amaia San Vicente ipun kontalariak nahiz herriko hainbat bertsolarik eskainiko dituzte emanaldiak, eta Edurne Lazkanok eta Xanti Rodriguezek liburuen eta filmen gomendioak egingo dituzte, hurrenez hurren. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak gaurtik aurrera, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!