#EtxetikMundura

Gaur hasiko da Uztarria.eus #EtxetikMundura saioekin

Iago Azkueren magia saioarekin hasiko da #EtxetikMundura egitasmoa.

Iago Azkue magoaren emanaldia ikusi ahal izango da 20:00etatik aurrera, webgune honetan. Datozen egunetan ere izango dira saioak, ordu berean. Herriko sortzaileek ere bidal ditzakete beren bideoak zuzendaritza@ukt.eus helbidera. Animatu, eta parte hartu!

Gaur estreinatuko du Uztarria.eus-ek #EtxetikMundura emanaldien saioa. 20:00etatik aurrera, Iago Azkue magoaren emanaldia ikusi ahal izango da webgune honetan. Azkuek hainbat jolas egingo dizkie herritarrei zazpi minutu inguruko saioan.

Ez da, baina, Azkue izango #EtxetikMundura egitasmoan parte hartuko duen sortzaile bakarra. Hain zuzen ere, bihartik aurrera Ekain Ibarguren pailazoak, Felipe Murillo musikariak, Deñe Garcia-Bravo abeslariak, Amaia San Vicente ipun kontalariak nahiz herriko hainbat bertsolarik eskainiko dituzte emanaldiak, eta Edurne Lazkanok eta Xanti Rodriguezek liburuen eta filmen gomendioak egingo dituzte, hurrenez hurren. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten gainerako hedabideek ere prestatu dituzte tokian tokiko emanaldiak. Karkararen, Baleikeren, Maxixatzenen eta Zarauzko Hitzaren webguneetan ere izango dira saioak gaurtik aurrera, eta den-denak ikusgai izango dira Urola Kostako Hitzaren eta Erlo Telebistaren webguneetan.

Koronabirusaren eraginez hartu du UKTk #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Tokian tokiko saioen iragarpenen zerrendetan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide