Transexualitatea hizpide izan dute Hezkidetza Foroan

Uztarria.eus 2020ko mar. 6a, 18:47

Transexualitatearen inguruan aritu dira herriko ikastetxe guztiak, irakasleak, gurasoak, ikasleak, udala eta beste hainbat eragile gaur goizean, Hezkidetza Foroaren barruan Emakumeen Txokoan egin duten saioan. "Gizartean, eta bereziki eskoletan" transexualitate egoerei gero eta arreta gehiago eskaintzen zaiela dio udalak gaurko saioaz zabaldu duen oharrak, "eta horri esker, gero eta ugariagoak dira ezkutuan geratzen ez diren transexualitate egoerak". Transexualitatearen errealitatea agerian jartzean "indarrean dagoen sistema bitarra zalantzan jartzen" dela dio oharrak, horrekin batera "sistema bitar hori eusten duen indarkeria agerian" jarriz; transfobia, homofobia edota sexismoa lirateke sistemaren indarkeriaren adierazleak.

"Horren guztiaren inguruan gogoeta egitea" izan da gaurko saioaren helburua. Rina Cabezas ikasle transexualaren testiganta entzuteko aukera izan dute saioan parte hartu dutenek, baita Berdindu zerbitzuko arduradunen solasaldia ere. Era berean, Azpeitiko ikastetxeetan transexualitate egoerak kudeatzen izandako esperientzien berri ere eman dute gaurkoan.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)