Duela 89 urte Azpeitiko Udalak Euskal Errepublika aldarrikatu zuela gogoratuko du Naziogintza taldeak apirilaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Naziogintza Taldea 2020ko mar. 4a, 13:04

Naziogintza Taldeak Euskal Errepublikaren Eguna (EEE) ospatuko du Azpeitian apirilaren 25ean. Egun horretan ekitaldi bat egingo du duela 89 urte, 1931ko apirilaren 17an, Azpeitiko Udalak aho batez Euskal Errepublika aldarrikatu zuela gogoratzeko.

Euskaldunok ez dugu gure historia hurbila ezagutzen. Horregatik, azpeitiar gehien-gehienok ez gara jakitun duela 89 urte, Espainiako Errepublikaren garaian, Azpeitiko Udalak, aho batez, Euskal Errepublika bat eskatu zuela euskal nazioarentzat. Sinbolismo handiko gertaera historiko hori ezkutatu egin zaigu, eta gaur egun gure herrian inork gutxik ezagutzen du.

Ohituta gaude 1931ko apirilaren 14ko data –Espainiako Errepublika sortu zen egunekoa– Euskal Herrira ekartzean Eibarreko udalaren aldarrikapena irudikatzen eta gogoratzen… Bertan ere biltzen dira urtero ezkertiar espainiarrak urteurren hori ospatzeko. Espainiako Errepublikaren aldeko aldarria izan zen Eibarrekoa, denok dakigunez. Baina abertzaleok ezagutu beharko genuke hiru egun geroago, 1931ko apirilaren 17an, Azpeitiko Udalak Euskal Herriko autodeterminazio eskubidean oinarrituta, Euskal Errepublika eskatu zuela mozio baten bidez alkate eta zinegotzi guztien erabateko adostasunarekin, eta akordio horren berri eman ziola telegrama baten bidez orduko Espainiako Errepublikaren presidente zen Niceto Alcala-Zamorari.

Naziogintza Taldearen iritziz, bada garaia gure udaleko 1931ko aldarrikapen hori gogoratzeko eta baita laudatzeko ere. Azpeitiarrok gure memoria historikoa berreskuratu behar dugu, eta gertaera garrantzitsu hori ezagutu. Agerian jarri nahi dugu haren indarra eta gogoratu nahi diegu euskal abertzale guztiei nondik gatozen eta nora goazen… Horretarako, jakinarazi nahi dugu hurrengo apirilaren 25ean Euskal Errepublikaren Eguna (EEE) ospatuko dugula Azpeitian. Gure arbasoek egin zuten eskaera bera, ia 90 urte geroago, guk ere egiten dugulako: Errepublika bat Euskal Herriarentzat.

Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Katea ez da eten. Apirilaren 25ean, jai-giroan ospatuko dugu Euskal Errepublikaren Eguna. Azpeitiar guztiok eta Euskal Herri osoko herritarrak gonbidatuta zaudete.