Herriko ekonomia sustatzeko dirulaguntza lerro berriak sortzea onartu du Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus 2020ko mar. 3a, 11:29

Industria proiektu estrategiko eta berritzaileak, garapen jasangarria bultzatzen duten inbertsio proiektuak eta industrian genero berdintasuna sustatzen duten ekimenak laguntzera 110.000 euro bideratuko ditu udalak.

Atzo, martxoak 2, ezohiko udalbatzarra egin zuten udal ordezkariek eta, besteak beste, herriko ekonomia sustatzeko diru laguntza lerro berriak sortzea hitzartu zuten, aho batez. Hain zuzen ere, udalak hiru laguntza lerro zabalduko ditu aurten: batetik, lehen sektorera eta merkataritzara zuzendutakoa, 100.000 eurorekin; bestetik, industria proiektu estrategikoei eta berritzaileei, garapen jasangarria bultzatzen duten inbertsio proiektuei eta genero berdintasuna sustatzeko diru laguntzei dagokiona, 110.000 eurorekin; eta azkenik, ekintzailetasuna sustatzea helburu duena, 40.000 eurorekin.

Herriko ekonomia sustatzeko diru laguntzak 2013an sortu zituen Azpeitiko Udalak, krisiaren ondorioei eta %17ko langabezia tasari aurre egiteko helburuarekin. Nagore Alkorta alkatearen hitzetan, "testuinguru ekonomiko eta sozial hartan, proiektu industrialak laguntzea lehenetsi zuen udalak, langabeen kontratazioa bultzatzeko erraminta gisa". Azken bizpahiru urteotan, ordea, herriko egoera aldatu egin dela esan zuen, lagangabeen kopurua asko jaitsi dela, eta udalak hausnarketarako tartea hartu duela, herriko ekonomia sustatzera bideratzen dituzten laguntza horiek lortu nahi duten xedearekin bat datozen aztertzeko. Horrela, iaz, lehen sektorea eta merkataritza sustatzeko proeiktuak bakarrik lagundu zituen udalak, baina, aurten, aukera zabaltzea erabaki du.

Alkortaren hitzetan, "herriko langabezia tasa %7koa da egun eta uste dugu momentu egokia dela jauzi kualtitatibo bat emateko, lanaren kalitatean eragiteko". Egoerak hobera eginagatik, nabarmendu zuen %7ko langabezia tasa horren atzean badirela horren baikorrak ez diren beste zifrak, esaterako, emakumeen langabezia tasa, gizonezkoenaren bikoitza delako. "Beraz, momentu egokia izan daiteke emakumeak lan munduan sartzea eta industria mundura gerturatzea bultzatzen duten proiektuak laguntzeko". Hori horrela, behartuta egon gabe berdintasun planak egin nahi dituzten enpresei laguntzak emango dizkie udalak, eta baita euren azpiegiturak emakumeen beharretara egokitzeko obra txikiak egin nahi dituzten enpresei ere, emakumentzako aldagelak eraikitzeko, eta abar.

Genero berdintasuna sustatzeko ekimenez gain, industria proiektu berritzaileak eta garapen jasangarria bultzatzen dutenak ere diruz lagunduko ditu udalak, eta laguntzak emateko orduan 49 langile baino gutxiago dituzten enpresak lehenetsiko dituztela azaldu zuen Alkortak.

Ekonomia sustatzeko diru laguntzen programaren oinarri orokorrek "aldaketa txiki batzuk" izan dituztenez, 30 egunez publikoki ikusgai egon beharko dute, eta behin epe hori pasata, behin betiko izaeraz onartzen dituztenean, dagokion deialdia argitaratuko du udalak.

Musika eskolarekin hitzarmena

Herriko ekonomia sustatzeko dirulaguntzen oinarri orokorrak eta 2020ko deialdia onartzeaz gain, beste hainbat kontu ere onartu zituzten atzoko ezohiko udalbatzarrean. Besteak beste, Azpeitiko Udalak eta Juan Antxieta musika eskolak bandaren zuzendaritza bideratzeko duten hitzarmena izan zuten hizpide, eta lehendik duten hitzarmena beste lau urtez luzatzea onartu zuten udal ordezkariek.

Horrez gain, Buztinzuri Errebala 2-4 promozioan eraikiko diren babes publikoa duten udal etxebizitza tasatuen behin-behineko kalifikazioa onartu zuten eta Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Partzuegoaren artean udal erroldaren datuak egiaztatzeko hitzarmenari ere baiezkoa eman zioten.