Gutxirekin nahiko

Uztarria.eus 2020ko mar. 10a, 11:59
Mikel Sanjuan, bere lantokian. (Mailo Oiarzabal)

Lagunarteak, kaleko bizitzak, kirola jarraitzeak, inguruko parajeez eta altxorrez gozatzeak. Horrelakoek asetzen dute Mikel Sanjuan. Mailo Oiarzabal kazetariak hitz egin du harekin Bestaldetik ataleko erreportajerako, 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian.

"Ez dut gauza asko behar ondo pasatzeko", dio Mikel Sanjuanek (Azpeitia, 1968), bere zaletasunak eta bizitzaz gozatzeko behar dituen osagaiak urrutira joan gabe eta gehiegi konplikatu gabe aurkitzen dituela adierazteko. Lanerako, bai, horretarako traste dezente behar ditu eta dauzka Paulo VI.a auzoko tailerrean. Hantxe, txikitatik gaurdaino orduak eta orduak eman dituen tokian, hartu du Uztarria.

Datorren udan beteko dira 50 urte aita Manolok orain Mikelena den Paulo VI.eko lantokia ireki zuenetik. Bera umea zela, "auzo osoa" tailer horretan ibiltzen zela kontatu du Mikel Sanjuanek, bera eta lagunak tartean, "kaniketan, jolasean". Handik gertu, Betharramdarren ikastetxean, igaro zituen eskola urte gehienak Sanjuanek. Handik orduko Iraurgi ikastetxera joan zen, Batxilergo ikasketak egitera; baina 17-18 urterekin ikasketak uztea erabaki zuen, Batxilergoa osatu aurretik. "Eskolan, abilagoa nintzen arte ederrekin lotutako gaietan. Estudiatzen ez nintzen oso egokia, ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Azkenean, ondoen menperatzen dituzun gaietarako joera hartzen duzu, eta marrazten eta eskulanetan errazago ibiltzen nintzen ni", azaldu du.

Ikasketak uztearekin batera hasi zen aitarekin lanean, taillaketan. "Lan honetan nahikoa konplikatua izaten da, baina tokatu egin zen lan erraz bat parean, hasteko moduan eta diru bat ateratzeko aukera ematen zuena; gaur egun ez dagoen lan klase bat, serieko lan bat, errepikatzen dena". 18 urteren mugan hasi zuen Sanjuanek gaur arte luzatu den ibilbide profesionala, baina ezin esan taillan hasiberri-hasiberria zenik ere. "Tailla etxetik jaso dudan herentzia da, noski. 17 urterekin eta ezerezetik zaila da taillan hastea. Betitik gustatu izan zait taillaketa, eta ordurako aritzen nintzen, baina ikasketekin batera".

Oso gustuko jarduera izan arren, aitortzen du nerabezaroan bizi izan zuela taillarengandik halako urruntze bat. "Inor ez da ikasita jaiotzen, eta taillan ikasketa prozesua pixka bat errepikakorra izaten da eta kostatu egiten da. Nerabezaroko urte haietan gutxiago erakartzen ninduen; garai hartan saskibaloiak, pilotak eta beste gauza batzuek gehiago betetzen ninduten. Hala ere, beti tailerraren bueltan. Eta 17 urtetik aurrera, gaur arte, beti hemen. Bizi osoa hemen, auzoan eta tailerrean".

Kirolzalea ere betitik izan da Sanjuan, eta izaten jarraitzen du. Gaztetan, "kirol dezente" egiten zuen. Saskibaloian jokatu zuen eta erremontean ere bai, nahiz eta pilotari profesionala izatera iritsi ez. "Nirekin jokatzen zuten guztiak pasatu ziren [profesionaletara]. Beraz, txarra izango nintzen benetan edo, ez dakit! Neure ustez ez nintzen hain txarra, baino... Nire garaikoak ziren Ezkurra eta horiek", kontatu du, umoretsu. Gaur egun, belauneko arazoak tarteko, kirolik ez du egiten; baina kirolak jarraitu eta ikusi, "asko".

 

Bidaiatzea eta abioiak...

Herriko eta kaleko bizitza eta txikiteoa ere maite ditu tailugile azpeitiarrak. "Gure etxean tradizioa da hori, aitarengandik jasoa", dio, txikiteoaz.

"Oso herrikoa" dela dio bere buruaz: "Zumaia ere asko gustatzen zait, baina Azpeitian ikusiko naute gehienetan. Oso azpeitiarra naiz, horretan behintzat. Gehiegi, igoal!". Bidaiatzeko bere zaletasun ezarekin lotu ditu aurretik esandakoak: "Ez dakit nola esan. Jendeak asko bidaiatzen du gaur egun, baina niri... Telebistako lehiaketetan, lehiakideei saria irabaziz gero zer egingo luketen galdetzean, lehen mundu guztiak esaten zuen etxea ordaintzeko erabiliko zukeela dirua; orain, berriz, ia inork ez du aipatzen etxea ordaintzearena, denek esaten dute bidaiatzeko dutela dirua".

Bidaiatzeaz ari dela, egonaldi luzeez edota atzerrirako irteerez ari da Sanjuan. Izan ere, egun pasak eta asteburu pasak oso gustuko ditu, urrutira joan gabe, beti ere. "Bilbora, Logroñora edota Iruñera joan eta ezagutzen ez zenituen tokiak ikustea, horrelakoak bai. Baina hamabost egun edo astebeteko irteerak, edo atzerrira joatea... horiek ez, nahiago hementxe". Bidaiatzeak eragiten dion nagiak badu zerikusia, neurri batean behintzat, abioiek eragiten dioten atzerakoarekin. "Ez naiz abioizalea. Abioi batean sartzen naizen aldiro zerbait gertatzen da; horretan banaiz pixka bat superstiziosoa. Lagunek esaten didate artisten berexikeria antzematen zaidala horrelakoetan. Hala esaten diet nik: 'Zuek asko bidaiatzen duzue, nik gutxi. Zuei ez zaizue ezer pasatzen, baina nirekin joan, eta...'. Azkena, ez da urtebete ere, eta gauza arraroak pasatu ziren orduan ere", kontatu du, hegazkinean ibiltzeak eragiten dion egonezina azaltzeko.

Badaki egonezin horrek, besteak beste, "oporrak baldintzatzen" dizkiola, "gertu edo kotxean" joateko moduko tokiak aukeratu behar dituelako. Baina badaki, ordea, gertu eta eskura dituen aberastasunak baloratzen, eta ez dauka aspertzeko beldurrik. "Monumentuak-eta ikustea gustatzen zait, baina bertan dauzkagu pila bat, ikusten ez ditugunak eta ezagutzen ez ditugunak", dio.

Aldaketak, denean

Zumaiara edo Donostiara egun pasa joatea, bazterrak edota dendak ikustea, eta etxekoekin eta lagunekin "bazkari on bat" egitea izan daiteke Sanjuanentzat plan borobila.

Moda eta altzari dendak gustuko ditu, esaterako. "Arropak betitik gustatu" zaizkiola dio, eta garai batean Donostian edo Bilbon dendaz denda ibili zalea zela. "Gaur egun edozeinek ikusi eta ez luke halakorik pentsatuko nitaz, agian, baina horrela da. Orain, erosketak egitera joan eta seme-alabentzako zerbait erosita itzultzea izaten da normalena. Lehentasunak aldatu egiten dira, izan ere". Dena den, nabarmendu du garai bateko saltoki eta denda aukerak ez duela zerikusirik gaur egungoarekin: "Lehen, Donostiara joaten zinen eta denda aukera zabala zenuen; orain, herri guztietan pasatzen ari den bezala, denda txikiak dauden bezala daude, eta denda handiek dena bete dute. Lehen, Bilbon eta Donostian joera edota estilo desberdinetako dendak zenituen; gaur egun, ordea, denda kate berberak dituzu bazter guztietan".

Arlo horretan ez ezik, bere lanbidean ere sumatu ditu aldaketak Sanjuanek urteen joanarekin. "Jendeak gauza desberdinak nahi eta eskatzen ditu, eta ez dago erraza asmatzen. Gauza diferenteak nahi ditugu, eta gainera, ekonomikoki ondo neurtutakoak, eta hori da zailena: zuk horrelako lan batean sartzen dituzun ordu guztiak ezin dituzu kobratu, baina hala ere, ordaindu behar duenarentzat beti da asko. Hor dago arazoa", laburbildu du. Hala ere, lana gustura egin eta emaitza erakusterakoan "bezeroek zer aurpegi jartzen duten ikustea" bada saria tailugilearentzat. "Baloratuta sentitzen naiz", dio.