Nepal txarrik ez da ibili nahi duenarentzat

Etxaniz Azpeitiko danborradako zapiarekin, Larkya La-n. Hantxe utzi zuen oihala.

Great Himalaya Trail deritzon ibilbidea osatu du Mamen Etxanizek Nepalen. Herrialde hura lehen aldiz ezagutu zuenetik hamar urtera, "beste mundu bat ezagutu" duela dio azpeitiarrak, hango trekking zonalde guztiak kateatu ostean.

Beti izan da bidaiazalea eta kirolzalea Mamen Etxaniz (Azpeitia, 1961), baina 2017an aurrejubilatu zenetik, bereziki, ez da etxean geratzen. Oinez, bizikletan edota eskiatzen, mundu zabaleko bazter askotara iritsi da. Azken urteotan, gainera, lanean zebilenean baino denbora gehiago du horretarako eta aukera hori ondo ari da baliatzen.

2017an bertan, AEBetako Route 66 ezaguna zeharkatu zuen punta batetik bestera bizikletan; handik bueltan, berriro bizikleta hartu, Greziara joan eta handik Azpeitirainoko bidea egin zuen pedalkadaka. Iazko neguan, Japoniako Hokaido irlan ibili zen mendiko eskia egiten. Eta joan den udazkenean, berriz, Nepalgo mendialde guztietako trekking ibilbideak barnebiltzen dituen Great Himalaya Traila osatu zuen.

Irail erdialdetik abendu hasierara, 80 egunez egon zen Nepalen azpeitiarra. Urriaren 1ean hasi zuen 70 eguneko ibilia, eta hiru ekinalditan, ekialdetik mendebaldera, Kanchenjunga, Makalu, Solukhumbu, Rowaling, Helambu-Langtang, Ganesh Himal, Manaslu, Annapurna, Dhaulaghiri, Dhorpatan, Jumla eta Far Westeko trekking zonaldeak zeharkatu zituen, Nepalgo guztiak, bata bestearen atzetik, gidari lanetarako kontratatu zuen pertsona batek bakarrik lagunduta. Guztira, 1.100 kilometroko ibilaldia, munduko mendikate garaienaren magaletik, eta pixka bat goragotik ere bai.

Bakarrik, azkenean

Bere kabuz moldatzea gustatzen zaio Etxanizi bidaietan; "neure kasa ibiltzea", dio. Baina ez zen guztiz horrela ibili duela hamar urte, Nepalera lehen aldiz joan zenean. Tibeteko Lhasatik Katmandura bizikletaz jaitsi zen orduko hartan azpeitiarra, beste zazpi lagunekin batera, antolatutako txango batean eta Tibeteko aginte txinatarraren arauek mugatuta. "Ez zait gustatzen besteek gauzak nola egin behar ditudan esatea. Nik, nire bidaiak, neure erara. Orduan, esan nuen: 'Hau [Lhasa-Katmandu] lotuta egingo dut, baina gero neure kasa ibiliko naiz'".

Horrela, Katmandun autobusa hartu eta mendialdera abiatu zen. Bidaiaren bigarren zati horretan ezagutu zuen Alenka Zagar esloveniarra; hura ere, Etxaniz bezala, bakarrik eta bere erara ibili zalea. 40 egunez ibili ziren batera, eta orduan piztu zitzaien Nepalera itzuli eta Himalaiako bazterrak hobeto ezagutzeko grina. "Esaten nion [Zagarri] jubilatzen nintzenean itzuliko nintzela hara, egutegia libre nuela, Nepal osoa egitera. Orduz geroztik, beti neukan ideia hori bueltaka buruan". Ideia buruan, urteotan dokumentazio lan handia egin du azpeitiarrak, handik eta hemendik informazioa lortuz, mapak inguratuz, erreferentziak bilatuz…

Azkenean, ordea, bakarrik bete behar izan du ametsa, Zagarrek min hartu zuelako. "Hark ezezkoa eman zidanean, 'eta orain zer egin behar dut nik?', pentsatu nuen". Horrek ez zuen atzeratu, ordea. Agentzia batean eta bestean galdezka ibili ondoren, Mikel Lizeaga legazpiarrak Katmandun duen agentziara jo zuen azkenean, eta haren bidez hasi zen bidaiari forma ematen.

"Badago zer ezagutu"

Hilabeterako bidaia lotuta joan bazen ere, trail osoa egitea eta hiru hilabetez han ibiltzea ziren Etxanizen asmoak. "Lehen hilabete horretan ikusi nuen ahal nuela", dio, monzoiaren azken txanpan beroak eta basoetako hezetasunak bidaia gogorrago egin arren. "25-30 egunekoa izango zela pentsatzen genuena 20 egunetan egin genuen. 'Hau primeran doa', esaten nion neure buruari". Aurreikusitakoak osatuta, Katmandura itzuli eta bigarren hilabetea egitea nahi zuela esan zion agentziakoari. "Bigarren horretan, ordea, altuera handiagoetan ibiltzea nahi nuen, basotik atera eta Himalaiako mendi handietara gerturatzea".

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide