Udaltzainen lan poltsa osatzeko deialdia bihar zabalduko dute

Uztarria.eus 2020ko ots. 20a, 13:08
Udaltzaingoaren autoak horien bulegoaren aurrean.

Azpeitiko Udalak Udaltzaingoaren lan poltsa osatzeko zabalduko du deialdia. Martxoaren 12a bitartean egin ahal izango dira eskabideak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Herritarrek hainbat baldintza bete beharko dituzte lan poltsan sartzeko.

Bihar, ostiralarekin, zabalduko du Azpeitiko Udalak udaltzainen lan poltsa osatzeko epea. Eskabideak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin ahal izango dira bihartik martxoaren 12ra bitartean. Lan poltsan sartzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte herritarrek: 18 urte bete izan beharko dituzte; gutxienez, Batxillergoko edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketako titulua ala baliokidea izan beharko dute; Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako trebakuntza ikastaroa gaindituta izan beharko dute; gizonek gutxienez 1,65 metroko altuera eduki behar dute eta emakumeek 1,60 metrokoa; B1 motako gidabaimena izan behar dute; eta euskararen 2. hizkuntza eskakizuna ere bai.

Udalak dagoeneko argitaratu ditu lan poltsa osatzeko deialdia eta oinarriak, eta gaur atera da lan poltsaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bihar zabalduko dute eskaerak egiteko epea. Ondoren, lan poltsan onartutakoen eta handik baztertutakoen behin-behineko zerrenda eta prozesuaren gaineko argibideak Azpeitia.eus webgunean nahiz udaletxeko iragarkien taulan argitaratuko dituzte. Lan poltsa deialdiaren informazio guztia honako lotura honetan eskura daiteke.