Elmubas enpresa handitzeko obrak hasi dituzte

Uztarria.eus 2020ko ots. 20a, 15:03
Martxan dira Elmubas lantegia handitzeko obrak.

Portobello Capital arrisku kapitalen kudeaketa enpresak ekainean erosi zuen Azpeitiko enpresa, eta handitzeko lanekin hasi dira dagoeneko. Lantegiaren ondoko hainbat lursail erosi dituzte, baita oraintsu arte Iseq enpresa kokatzen zen lantegia ere. Enpresaren ekoizpen ahalmena bikoizteko, langileak kontratatzeko eta eskaintza zabaltzeko asmoa agertu du Portobello Capitalek.

Portobello Capital arrisku kapitalen kudeaketa enpresak joan zen ekainean erosi zuen Azpeitiko Elmubas Petfood Group –Piensos Bastida lehen–, eta lantegia handitzeko obrekin hasi dira dagoeneko. Izan ere, Azpeitiko Udalak urtarrileko udalbatzarrean eman zion Portobellori Antzibarrena hirigintza eremuko bi partzela egokitzeko baimena. Batetik, lantegiaren ondoko hainbat lursail erosi ditu enpresak, baita oraintsu arte Iseq enpresa kokatzen zen lantegia ere.

Elmubas enpresa erosi duen Portobello Capitaleko bazkide sortzailea da Juan Luis Ramirez, eta hark Uztarria.eus-i azaldu dionez, enpresaren ekoizpen ahalmena bikoizteko asmoa dute. Horregatik hasi dituzte lantegia handitzeko obrak: "Lehenik zati bat erausten ari gara, eta ondoren hasiko gara handitzeko lanekin. Iseq kokatuta zegoen nabea ere eskuratu dugu; erosketa horrekin asko handitu da hasieran aurreikusita genuen inbertsioa". Ramirezek adierazi duenez, ekoizpen ahalmena areagotu nahi dute enpresa handituta. "Elmubas familia enpresa izan da, oso ondo kudeatutakoa. Azken lauzpabost urtean, baina, ekoizpen maila gorenean aritu dira lanean, eta ezin izan dute kilo bat gehiago ere saldu".

Elmubasek etxeko animalientzako jana ekoizten du, eta besteak beste, Carrefourrentzat, Eroskirentzat eta Alcamporentzat produktu zuriak egiten dituzte enpresa horretan. Azpeitiko enpresak 30 urtetik gora daramatza animalientzako jakien sektorean lanean. Portobello Capitaleko ordezkariek, ordea, gaur egungo eskaintzari helduta, Elmubasek sektorean eskaintzen duen produktu aukera zabaltzeko asmoa agertu dute. "Ekoizpen ahalmena handitzen dugunean, etxeko animalien sektoreko joera berrietan sartuko gara: premium eta superpremium jakietan". Horien ekoizpena "txikiagoa" izango dela aurreratu du Ramirezek; izan ere, produktuak garestiagoak dira eta ekoizpen ahalmena malgutzea eskatzen du horrek. "Elmubas ekoizpen sorta ikaragarriak egiteko dago prestatuta; hau da, egunetan makinak itzali ere egin gabe ekoizteko. Eskaintza berria ekoizteko makina txikiagoak jarriko ditugu, eta ekoizpena malguagoa izango da".

Ekoizpen ahalmena handituta, "salmentak bikoizteko" xedea dutela adierazi du Portobello Capitalen bazkide sortzaileak, baita langileak kontratatzekoa ere: "Langileen plantilla bikoiztu egingo dugu". Hark uste du Elmubasen kokapena "estrategikoa" dela, Frantzian etxeko animalien sektorean gabeziak badirelako: "Frantziako merkatua oso garrantzitsua da, eta han sartu nahi dugu".

"Albiste positiboa"

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak albiste positibotzat hartu du Elmubas enpresaren handitzea. Hark adierazi duenez, Portobello Capitaleko ordezkariekin harremanetan izan dira hasieratik: "Guretzat albiste positiboa da herriko enpresak handitzea. Beren asmoen berri ematera etorri zitzaizkigunetik harreman zuzena izan dugu ordezkariekin". Udalak bere eskuma ziren izapideak egin dituela ere gaineratu du alkateak.

Alkatearen hitzetan azpimarratzekoa da Portobello Capitalek lanpostuak sortzeko agertu duen asmoa ere. "Herriko enpresa bat handitzeak lanpostuak sortzea ekarriko du, eta horrek eragin zuzena du herriko eta herritarren ekonomian. Gure ardatzetako bat ekonomiaren sustapena da, eta beraz, albistea ona da". Bestalde, hark adierazi du Elmubas enpresak azken urteotan sekulako inbertsioa egin duela usainen arazoari irtenbidea emateko, eta enpresaren jabe berriek ere lan neurriak hartuko dituztela adierazi diotela ere jakinarazi du Alkortak: "Ingurumen legeak bete beharko ditu Portobello Capital enpresak ere".