Euskal Errepublikaren Eguna izango da apirilaren 25ean

Uztarria.eus 2020ko ots. 18a, 10:14

Duela aste batzuk iragarri zuen Naziogintza taldeak "ezustekorik ezean" egun horretan egingo zuela Euskal Errepublikaren Eguna. Urkulluk EAEko hauteskundeak apirilaren 5era aurreratu dituztenez, hasierako datari eutsi dio taldeak.

Naziogintza Taldeak baieztatu duenez, apirilaren 25ean Euskal Errepublikaren Eguna egingo dute Azpeitian. Duela aste batzuk iragarri zuen taldeak "ezustekorik ezean" apirileko egun horretan egingo zuela Euskal Errepublikaren Eguna, baina Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak EAEko hauteskundeak zein datatara aurreratzen zituen ikusteko zain egon da. Bozak apirilaren 5ean izango direnez, Naziogintzak hasieran jarritako datan ospatuko du nazio mailako izaera eman nahi dioten eguna.

Naziogintzako ordezkariek azaldu dutenez, 1931ko apirilaren 17an, Espainiako Estatuan errepublika ezarri eta egun gutxira, Azpeitiko Udalak aho batez euskal errepublika aldarrikatu zuen. Gertaera hori ardatz hartuta eta euskal errepublikaren aldarriarekin uztartuta antolatuko du Naziogintza taldeak Euskal Errepublikaren Eguna, oroimen historikoa berreskuratzea eta gertaera hura ezagutaraztea xede. Era berean, "euskal errepublikaren beharra" sozializatu nahi dute sustatzaileek.