Hatxeren erakusketa eta kontzertua izango dira igandean Sanagustinen

Uztarria.eus 2020ko ots. 7a, 10:30

Histeria bideoklip esperimentala eta erakusketa erakutsiko dituzte Maria Elorza zinemagileak eta Hatxek igandean, otsailaren 9an, Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Segidan, Panpin hautsien dantza kontzertua eskainiko du Hatxek. Histeria sormen proiektuak Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta udalaren Sormen Beka jaso zuen iazko irailean.

Maria Elorza donostiarrak eta Idoia Hernandezek sortu duten Histeria bideoklip esperimentala eta erakusketa erakutsiko dituzte igandean, otsailaren 9an, Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Egitasmo horrek 1.700 euroko laguntza jaso zuen iazko irailean, Kultur Mahaiaren eta Azpeitiko Udalaren Sormen Bekari esker. Panpin hautsien dantza kantu bildumatik sortutako sormen prozesu bat da Histeria. Musika aldetik, kontrastez beterikoa. Ikus-entzunezko zatia Super8 pelikula analogikoarekin grabatu dute. Bideokliparen emanaldiaren ondoren, 19:00etan hasita, Panpin hautsien dantza kontzertua eskainiko du Hatxek (Idoia Hernandez). Sarrerak salgai jarri dituzte Kulturaz.eus webgunean.

Histeria bideoklip osoa proiektatzeaz gain, hori sortzeko prozesuan sortutako pelikula fisikoaren zati batzuk ere erakutsiko dituzte igandeko erakusketan: Super 8 film zatiak, argazki analogiko margotu eta desitxuratuak, audio eta giro soinu zatiak... "Histeriaren ideiatik abiatuta unibertso surrealista bat sortzen saiatu ginen, inprobisazioa erabiliz. Atrezzoko hainbat elementu ere erabili ditugu: ispiluak, erraiak ziruditen sokak eta jantziak, esaterako. Irudiak lantzearekin batera, musika sortzen joan gara, eta biolin eta bateria inprobisazioak lagun izan ditugu irudiekin bat egiteko. Gainera, inguruko soinuak ere grabatu ditugu: elizako kanpai hotsak, atearen burdineria eta algarak. Dena den, musikaren funtsa pianoaren 5/8 erritmoa da", adierazi dute sortzaileek.

Erakusketaren ondoren, Panpin hautsien dantza kontzertua eskainiko du Hatxek igandean. Musikariaren bigarren proiektu pertsonala da kontzertu hori. Pianoa da instrumentu nagusia, baina kasu honetan bandarekin lagunduta aurkeztuko du; biolina, bateria eta ahotsa gehituta, alegia. Musikariak azaldu duenez, ez da ohiko kontzertu bat: "Ez da bakarkako kantuen segida bat, antzerki ikuskizunen tankeran hasiera eta bukaera bat ditu. Kantuen arteko trantsizioak testuekin, argiekin, inprobisazioekin eta material elektroakustikoarekin landu dira".