Hasi dira Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzak eraikitzeko obrak

Uztarria.eus 2020ko ots. 3a, 15:15

Hasi dira Esklabak-Iturtzulo eremuan etxebizitzak eraikitzeko lanak. Duela astebete inguru ekin zioten lehen faseko etxebizitzak eraikitzeko lanei. Fase horretan, 62 etxebizitza eraikiko dituzte: 29 babes ofizialekoak eta 33 tasatuak. Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, udalak nahiz eraikuntza lanez arduratuko den Altuna y Uria enpresak 2021eko udazkenerako etxebizitzak eraikita izatea aurreikusten dute. "Dena aurreikusi bezala eta epeen barruan doa, eta azkenean etxebizitzak eraikitzeko pauso garrantzitsua hasi da", adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Altuna y Uria enpresak egingo ditu eraikuntza lanak, lehiaketa publikoa irabazita. Guztira, 9.953.641,02 (BEZa barne) eurotako aurrekontua izango dute lehen faseko obrek.

Datozen hilabeteetan Esklabak-Iturtzulo eremuan eraikiko dituzten etxebizitzen –lehen eta bigarren faseetako etxebizitzen– oinarria egingo dute. Horrela azaldu du Alkortak: "Inguru horretan babestutako etxebizitza gehiago eraikitzeko bigarren fasea ere abian dugu. Hori dela eta, lehen fase honetan babestutako etxebizitza guztien oinarria eta bi faseetako etxebizitzen oinarria edo lurzorura artekoa egingo da".

Bigarren fasea ere martxan

Bigarren faseko etxebizitzei dagokionez, behin-behineko zerrendak osatzen ari da Udala. "Lehen faseko etxebizitzak esleitu ondoren, zerrendetan herritar asko gelditu ziren, eta horregatik, iaz, urtea bukatzerako bigarren faseko etxebizitzetan izena emateko prozesua jarri genuen martxan. Izen-emate epea bukatuta, behin-behineko zerrendak osatzen ari gara, eta datozen asteetan publikatuko ditugu”, zehaztu du Alkortak. Bigarren faseko etxebizitzen zozketarako "data zehatzik" jarri ez badute ere, martxoa eta apirila aldean izango dela aurreratu du udalak. 

Done Jakueko etxebizitzak, lehiaketa publikoan

Alde Zaharrean egingo diren babestutako etxebizitzak eraikitzeko prozedura ere aurrera doa. Done Jakue kaleko babestutako etxebizitzen obra lehiaketa publikoa irekita dago eta otsailaren 11ra bitartean izango da proposamenak aurkezteko epea.