Matxinbentan hasi dira Santa Ageda festak ospatzen

Uztarria.eus 2020ko ots. 1a, 21:18

Atzo, ostirala, hasi zituzten Matxinbentan Santa Ageda festak. 22:00 pasatxoan hasita, Mus Txapelketa egin zuten Matxinbentako jatetxean, eta 21 bikote aritu ziren lehian; txapela Azkoitira joan zen. Gaur, berriz, umeentzako ekintzak izan dira arratsaldean. Hain zuzen ere, puzgarriez gozatu ahal izan dute aurrena, eta Iago magoaren emanaldiarekin gero. Eguraldi ederra lagun, haur eta gaztetxo ugari izan dira auzoan. Gauean, berriz, bertso afaria egin dute Agin Labururekin eta Beñat Lizasorekin. Lidia eta Xabier Etxaniz trikitilariek girotuko dute afalondoa.

Bihar jarraituko dute festek; izan ere, meza, jolasak, pilota partidak eta herri kirol erakustaldia izango dira goiz eta eguerdi partean. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Jokin Eizmendi eta Jon Unanue Goenatxo III.a izango dira herri kirol saioa eskainiko duten kirolariak.

Hona hemen datozen egunetarako egitaraua:

Bihar, igandea

Goiz eresia, Beasaingo txistulariekin.

11:00etan, meza.

Ondoren, umeentzako jolasak.

Segidan, pilota partidak.

Eguerdian, herri kirol erakustaldia. Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Jokin Eizmendi eta Jon Unanue Goenatxo III.a izango dira.

Asteartea, otsailak 4

Goizean, auzotarren santa eskea. Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe errezildarra eta Jon Gurrutxaga Gurru azpeitiarra bertsotan ariko dira, eta Laja eta Izer soinujoleak ere haiekin egingo dute eskea.

Iluntzean, erromeria.

Asteazkena, Santa Ageda bezpera

11:00. Meza.

Meza ostean, jubilatuentzat hamaiketakoa.

Bazkalondoan, festen bukaerako etxafuegoak.