'Hautetsontzien matxinada' erakusketa Azpeitira iritsiko da gaur

Dolors Gibert argazkilariaren eta Carles B. Gorbs kazetariaren argazki dokumentala da 'Hautetsontzien matxinada', Kataluniako prozesu subiranistari buruzkoa. 19:00etan inauguratuko dute erakusketa, Betharram aretoan.

Hautetsontzien matxinada izeneko argazki erakusketa zabalduko dute gaur, osteguna, Azpeitiko Betharram aretoan. Dolors Gibert argazkilariaren eta Carles B. Gorbs kazetariaren argazki dokumentala da Hautetsontzien matxinada, Kataluniako prozesu subiranistari buruzkoa. Prozesua hasi zenetik (2009) gaur egunera arteko kontakizuna egiten du erakusketak 80-90 argazkiren bidez.

Europako hainbat herri eta hiri bisitatu ondoren –Perpinya (Herrialde Katalanak), Brusela, Lieja (Belgika), Prada de Conflent (Herrialde Katalanak), Valentzia (Herrialde Katalanak)...–, Euskal Herrira iritsi da erakusketa; Azpeitian egingo du Euskal Herriko lehen geldialdia. Erakusketarekin batera eztabaidak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkaren zergatia ezagutarazteko. Euskal Herria bisitatu ondoren, erakusketak bere ibilbidea jarraituko du: Lovaina (Belgika), Munich (Alemania), Oslo, Berlin, Luxenburgo… zeharkatuko ditu.

Gaur egingo dute erakusketaren inaugurazio ekitaldia, 19:00etan hasita, Betharramen bertan (Jose de Artetxe kalea, 4). ANC-Euskal Herria, ICEC, Gure Esku eta Naziogintza taldeak antolatu dute erakusketa, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Talde horietako ordezkariek nahiz erakusketaren egileek hitzaldi laburrak egingo dituzte gaurko ekitaldian; ondoren, kultur jarduera bat izango da, eta mokaduarekin amaituko dute ekitaldia. Otsailaren 3ra arte izango da ikusgai erakusketa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide