Sokamuturraren aurkako elkarretaratzeak egingo dituzte igandean

Uztarria.eus 2020ko urt. 23a, 10:49
Sokamuturraren protestetako bateko irudia.

Oinatz elkarte animalistak bi elkarretaratze deitu ditu: bata goizerako eta bestea arratsalderako, plazan. Sokamuturraren bi saioek irauten duten bitartean egingo dituzte protestak; izan ere, eguerdian nahiz arratsaldean izango dira sokamutur saioak igandean.

San Sebastian festak bukatu badira ere, igandean bi sokamutur saio izango dira herrian. 12:00etan hasita, umeentzako sokamuturra izango da, eta ondoren, 13:30era bitartean, zezen txikiak eta poniak izango dira plazan, Zezen Beltz elkarteak antolatuta. Zelai Luze ganadutegia arduratuko da goizean ganadua ekartzeaz. Arratsaldean, berriz, helduen sokamuturra izango da 16:30ean Erdikaletik hasita. 20:00etara bitartean Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak izango dira sokamuturrean. Udalak antolatu du arratsaldeko saioa.

Hitzordu horiek tarteko, Oinatz elkarte animalistak sokamuturraren kontrako bi elkarretaratze deitu ditu iganderako. Eguneko lehen kontzentrazioa 12:00etatik 13:30era egingo dute plazan, eta bigarrena, 16:30etik 18:30era gauzatuko dute, leku berean. "Guretzako nahi ez duguna ez diezaiegun animaliei egin", leloa aukeratu dute Oinatzeko kideek elkarretaratzeak deitzeko. Gainera, elkarteak salatu du Azpeitiko Udalak "kultur ekitaldi bezala saldu" nahi duela sokamuturra: "Ekitaldi horretan animaliek erorketak, urratuak, kolpeak eta beste hainbat tratu txar jasaten dituzte, eta batzuetan, estresaren ondorioz, kamioira ezin dutelako igo edo egoera kritikoan amaitzen dutelako, bizitza kentzen zaie". Oinatzeko kideek adierazi dutenez, ezin dute isilik gelditu "tortura" horren aurrean.