Sansebastianak 2020

Goiz goizetik danbor hotsak atera dituzte kalera

Uztarria.eus 2020ko urt. 20a, 13:27

Hotz galantari aurre eginez egin dira San Sebastian eguneko goizeko ekitaldiak gaur. Ardo Zaleak eta Gure Ametsa elkarteetako danbor taldeak, Izarraitz txistulari taldekoak, Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak eta Udal Musika Banda izan dira goiztiarrenak kalea girotzen. Bi danbor taldeek ohiko ibilbidea egin dute herriko kaleetan barrena. Jarraian, Udabaltzako kideekin batera, udaletxetik irten eta Elizkaletik barrena, Sebastian Donearen parrokiarako bidea egin dute. Ondoren, San Sebastianen irudiarekin parrokiatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan prozesioa egin dute. Ondoren, parrokiaren barruan, Ardo Zaleak eta Gure Ametsa danbor taldeek eta Musika Bandak San Sebastin martxa jo dute. Martxa bukatu ostean hasi da meza nagusia, Julian Barrenetxea abesbatzak abestuta eta Ignacio Arakistain organo jole dela.