Arantxa Altuna: "Gure semea ez da itzuliko, baina, gutxienez, hau ez dakiola beste inori gerta"

Berria 2020ko urt. 18a, 12:11
N-121-A errepidean izan zuten gazteek istripua. (Euskalerriairratia.eus)

Duela astebete, N-121-A errepidean istripua izanda hil ziren Mikel Manzano eta Xabier Taberna. Bi horiekin, 31 dira azken hamar urteotan errepide horretan hildakoak. Manzanoren ama Arantxa Altuna lasaotarra da, eta hari elkarrizketa egin dio 'Berria' egunkariak.

Egoerari buelta eman ezinik dabiltza Mikel Manzano Altuna gaztearen gurasoak. Tragediaren ostean, baina, okerrenetik onena ateratzea erabaki dute, eta lanari ekin diote, erakundeei exijitzeko «behingoz» konpon dezatela N-121-A errepideko arazoa.

Gutun bat igorri diezue udalei. Zer galdegin diezue, zehazki?

Inork ez du gure semea bueltan ekarriko, hori argi dugu, baina, gutxienez, egoera honek balio dezala halako istripuak errepika ez daitezen. Gure semeari gertatu zaiona ez dakiola beste inori gerta, eta inork gehiagok ez dezala errepide horretan bizia galdu. Horregatik bidali diegu eskutitza Bortzirietako, Malerrekako eta errepide inguruan dauden gainerako udal guztiei, esateko lehenbailehen behar ditugula konponbideak.

Nafarroako Gobernuak esana du lanean ari direla errepidea zabaltzeko...

Bai, baina errepide horretatik egunero-egunero pasatzen da sekulako kamioi piloa, eta, trafiko astun hori dagoen bitartean, istripuak ekiditea ezinezkoa izanen da. Errepidea zabaltzea eta gisa horretako obrak egitea ongi dago, eta denborarekin eginen dira. Hori guztia egin aurretik, baina, badago neurri azkarrago bat, orain bertan martxan jar dezaketena.

Zer neurri da hori?

Iaz, Belateko tunelean obrak egin zituztenean, mugatu egin zuten trafiko astuna. Egun batzuetan, matrikula bakoitidun kamioiak igaro zitezkeen, eta besteetan, matrikula bikoitidunak. Bada, hori behar dugu orain ere.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus atarian.