Sansebastianak 2020

Sansebastianak hasteko prest

Uztarria.eus 2020ko urt. 19a, 11:46

Ordu gutxi falta dira aurtengo San Sebastian jaiak hasteko. Ordu gutxi iraun arren, Azpeitia festa giroz beteko duen urteko lehen jai ospakizun handia izango da. Gaur 22:00etan hasiko den helduen danborradarekin estreinatu eta bihar gauerdian, bandera jaistearekin batera, bukatuko dira sansebastianak, tartean beste hainbat hitzordu berezi eskainiz.

San Sebastian bezpera iritsi da eta dena prest dago herrian urteko aurreneko festa hitzordu handia behar bezala ospatzeko. Gaur eta bihar kalera irtengo dira danborradak. Ohi baino ordu laurden lehenago abiatuko da helduen danborradaren desfilea Olazko Andre Mariaren plaza ondotik, 22:00etan. San Sebastian bezperako danbor erakustaldira aurten hiru talde berri (Ilunpe, Inpernue eta Izarraitzpe) gehituko dira, hala parte hartuko duten 30 taldeak hurrenkera honetan ibiliko dira kalez kale Alde Zaharrean: Oñatzbideko gastadoreak, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue eta Izarraitzpe.

Goikokalen eta plazan behera, Done Jakue kaletik iritsiko dira taldeak parrokiara eta Perez Arregi plazara, eta bi toki horietan kokatuta joko dute aurreneko aldiz San Sebastian Martxa. Gaueko lehen geldialdiaren ondotik, Elizkalea eta Enparan kalea pasatu eta Perez Arregitik Erdikalean gora igoko dira plazaraino. Talde guztiak plazan direla eta gauerdiko kanpaiekin batera igoko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian.

Urolako Komunikazio Taldeko hiru hedabidek –Uztarriak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak– zuzeneko emanaldia eta saio berezia eskainiko dituzte San Sebastian bezperan, 22:00etatik 00:45era bitartean.

Bihar, San Sebastian eguna

Bihar, San Sebastian eguna, goiz entzungo dira berriro musika eta danbor hotsak Alde Zaharrean. 09:30ean hasiko dira Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeetakoak, Bandarekin eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroekin batera, San Sebastian goizeko Diana behin eta berriz jotzen. Danborradako bi taldeek lagunduko diete parrokiara udal ordezkariei ere, eta 10:30ean hasiko den prozesioan ere kalez kale ibiliko dira. 10:45eko meza hasi aurretik, berriz, eliz barruan joko dute San Sebastian Martxa.

Sokamuturraren urteko lehen irteeraren ondoren, 12:30ean hasiko da umeen danborrada, eguneko jendetsuena. Aranetik eta Artzubiatik abiatuko dira parte hartuko duten hamar taldeak: Juan Antxieta musika eskolak, Karmelo Etxegaraikoen Bizkainoen Tertzioak, Itsasik, Iraurgikoen Ezpatadunek, Ikasberrikoen Sukaldariek, Karmelo Etxegaraikoen Napoleoi Gorriek, Iraurgikoen Zumalakarregik, Ikasberrikoen Soldaduek, Iraurgikoen Mikeleteek eta Karmelo Etxegaraikoen Napoleoi Urdinek osatuko dute kalejira.

Umeen danborradarekin batera aterako dira baita inude, mikelete eta danbor-jotzaile txikiak ere. Eta, nola ez, karroza. Aurten aurreneko aldiz egin du sansebastianetako karroza Aitor Expositok eta Baserriko bizimodua, belaunaldiak lotu dituen uzta da aurtengoa osatzeko udalak aukeratutako gaia. Umeen danborrada plazara iritsitakoan omenaldi ekitaldia izango da udaletxean: Nagusilan eta Pastoraltza elkarteetako boluntarioek jasoko dute aitortza, hainbeste urtetan herriko adinekoei laguntzeko egindako lan boluntarioagatik.

Eguerdiko danbor festa bukatuta, Azoka plazan haurrentzako birziklatze tailerrak eta arratsaldeko sokamuturra izango dira festa egitarauaren hurrengo hitzorduak. Hasi bezala bukatuko dira, ordea, sansebastianak: danborradarekin.

Bandera jaitsi aurrekoa 23:15ean hasiko da Bustinzuriko Errebalean. Hain zuzen ere, banderaren jaitsieran sei talde aterako dira: Basazabal, Ziripot, Landeta Egizale, Alkartasuna, Oilagorra eta Loiolabide Zahar. Horiek Alde Zaharrean kalejira egingo dute, eta ondoren plazan joko dituzte San Sebastianetako piezak, festari agur esateko. Alde Zaharrean bezperan antzeko ibilbidea osatu ondoren, gauerdirako plazan elkartuko dira, bandera jaisten laguntzeko eta sansebastianei hurrengo urtera arte agur esateko.

Egitaraua

Hau da, zapatutik astelehenera, aurtengo San Sebastian festen egitaraua:

Urtarrilak 18, zapatua

  • 16:00-20:00. Haur parkea, Izarraitz pilotalekuan.
  • 22:30. Kontzertuak: Distorsion eta Baserriko Ollaskue Labien, Sanagustin kulturgunean.

Urtarrilak 19, igandea. San Sebastian bezpera

  • 11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Haur parkea, Izarraitz pilotalekuan.
  • 22:00. Helduen danborrada.

Urtarrilak 20, astelehena. San Sebastian eguna

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldearen eta Juan Antxieta musika eskolaren goiz eresia.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeen, Udal Musika Bandaren nahiz Juan Antxieta musika eskolako txibilibiteroen kalejira.
  • 10:15. Udal ordezkariak korporazioan joango dira plazatik Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa.
  • 10:45. San Sebastian eguneko meza nagusia Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Julian Barrenetxea abesbatzakoek abestuko dute eta Ignacio Arakistainek joko du organoa.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan.
  • 12:30. Haurren danborrada.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 17:00-20:00. Haurrei zuzendutako birziklapenari buruzko tailerrak, Azoka Plazan.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik hasita.