Pentsiodunak, bi urtez borrokan

Uztarria.eus 2020ko urt. 13a, 17:52

Bi urte dira Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen Plataformako kideak protestan hasi zirenetik. 2018an Espainiako Gobernuak onartu zuen pentsioen gutxieneko –%0,25eko– igoera salatzeko eta pentsio duinak eskatzeko hasi ziren kalera ateratzen. Izan ere, pentsioen igoera horrekin hilean 2,3 euro gehiago jasoko zituzten pentsiodunek; urtean, 32,2 euro gehiago. Igoera hori nahikoa ez zela iritzita ekin zioten mobilizatzeari, KPI igoera aldarrikatuz, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatuz eta babes sozialeko sistema propio baten aldeko jarrera erakutsiz. Orduz geroztik pentsiodunen aldarriek ez dute etenik izan. "Injustiziaren aurrean jarrera aktiboa" hartzeko deia egin zieten herritarrei, eta ugari izan dira bi urtetan egin dituzten protestak eta mobilizazioak. Hain zuzen, 103 elkarretaratze egin dituzte, "pentsio duinak" aldarrikatzeko. Bi urte igaro badira ere, borrokan jarraitzeko asmoa dute,  Espainiako Gobernuak pentsio politikak aldatu arte.

Espainiako Gobernu berria osatzeko PSOEk eta Podemosek hitzartutako programan pentsioen gainean hartutako konpromisoetan zenbait aurrepauso ikusten dituzten arren, "programa-akordio horren irakurketa sosegatuak eta objektiboak agerian uzten du", pentsiodunen hitzetan, akordioan jasotakoa beren aldarrikapenetatik "oso urrun" dagoela. "Gainera, promesak bete egin behar dira, eta ikusi zein epetan. Litekeena da %0,9ko igoera epe laburrean aplikatu ahal izatea. Baina LGSren igoera Toledoko Itunaren akordioei lotuta baldin badago, denbora beharko da, eta ikusteko dago zer zenbatekotan zehazten den eta nola aplikatzen den", azaldu dute Azpeitiko plataformakoek. Gobernu berriak pentsiodunen aldarrikapenei "arreta emateko eta aldarrikapen horiek bere gain hartzeko modu bakarra" da, plataformakoen esanetan, "mobilizazioekin jarraitzea".

Gaur egin dute urteko lehen elkarretaratzea Azoka Plazan, eta ehundik gora lagun elkartu da bertan. Sansebastianak tarteko, hurrengo astean asteazkenean egingo dute kontzentrazioa, sanagustinpean. Herritarrei bertaratzeko deia egin diete.