Azpeitian dira 'Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion' Erasmus proiektuaren partaideak

Finlandia, Polonia eta Siziliako 21 ikasle iritsi ziren atzo herrira eta ostiralera arte izango dira hemen, Urola Ikastolako DBH 4ko eta Batxilergo 1eko beste horrenbeste ikasleren etxeetan. Urolakoekin batera Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion elkartrukeko Erasmus+ proiektuan parte hartzen ari diren ikastetxeetako ikasleak dira. Ostiralera bitartean ekintzaz eta hitzordu bereziz betetako egitaraua osatuko dute bisitariek bertakoekin batera. Gaur bazkalondoan, Azpeitiko Udalak harrera egin die elkartrukean parte hartzen ari direnei Basazabal jauregian. Nagore Alkorta alkateak ongietorria egin die bisitariei, Azpeitia, euskara eta euskal kultura ezagutzeko gonbitarekin batera. Euskaraz egin du hitzartzea alkateak, eta Maite Garciak ingelesera itzuli ditu Alkortaren hitzak; Urola Ikastolako Erasmus+ proiektuaren koordinatzaileetako bat da Garcia, Maitere Arotzenarekin batera.

Pentsarazteko janaria

Urteak dira Urola Ikastola Europako hainbat herrialdetako ikastetxeekin elkartruke programak egiten hasi zela. Aurtengoa, ordea, elkartruke soilaz haratago doa. Iaz aurkeztu zuten Urolakoek Food for Thought: a European Recipe Book for Migrant Inclusion proiektua, eta Erasmus+ Europako elkartruke programaren babesa jaso dutenetako bat izan zen; Euskal Herrian, beste bost proiektuk jaso dute antzeko aitortza.

Ikasturte honetan eta datorrenean gauzatuko dute proiektu hori Urolakoek, egunotan Azpeitian diren Finlandiako, Poloniako eta Siziliako ikastetxeekin elkarlanean. Pentsarazteko janaria: migratzaileen inklusiorako errezeta liburu europar bat litzateke proiektuaren itzulpena. Finean, egitasmoan parte hartzen ari diren ikastetxeetako jatorri ezberdinetako ikasleen eta migratzaileen inklusioa lortzeko errezeta liburu bat osatzea da proiektuaren azken helburua, baina baita liburu hori osatu bidean bateko eta besteko ikasleek migrazioaren errealitatean, kultur aniztasunean eta baloreetan sakontzea ere. Urola Ikastolan, esaterako, euskal herritarrez gain, jatorriz beste hamalau herrialdetakoak diren ikasleak dituzte; horrela, herrialde horietako errezetak eta Euskal Herrikoak izango dira Azpeitiko ikastetxearen ekarpena errezeta liburuan. Errezetak eta jakiak balore jakinekin lotuta osatuko dute liburua.

Errezeta liburua ez da izango egitasmoaren osagai bakarra. Kulturarteko Asteak dira egitasmoaren beste osagaietako bat. Ikasturteko hiruhileko bakoitzaren bukaeran egingo dituzte, eta festa egun batekin borobilduko dituzte; abenduan egin zuten lehendabizikoa Urola Ikastolan. Horrez gain, eTwinning plataformari esker, Internet bidez hartu-emanak izaten ari dira proiektuan sartuta dauden ikasleak. Eta, egitasmoa osatzeko, aurrez aurreko elkartrukeak egingo dituzte. Horietako lehendabizikoa da, hain zuzen ere, ikasleak aste honetan Azpeitian elkartu dituena. Ondoren, Azpeitiko zazpi ikasle batzuk Finlandiara joango dira, beste zazpi Poloniara, eta beste zazpi Siziliara.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide