Mamadou Touladio Diallio: "Hiru ardatz ditut: pertsona, etika eta zoriontasuna"

Uztarria.eus 2020ko urt. 14a, 10:27
Mamadou Touladio Diallio emaztearekin, seme-alabekin eta Ainhoa Alberdirekin, udan, Aittolan.

2001ean Guineatik irten zenetik, hainbat herrialde igaro du Dialliok, eta egun Azpeitian bizi da, Ainhoa Alberdirekin. Etxean hartu du hark. Hementxe bertan atalerako elkarrizketatu du Ihintza Elustondo kazetariak 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian.

Zergatik utzi zenuen Guinea?

18 urterekin alde egin nuen, ikastea nahi nuelako. Leku asko pasatu nituen Azpeitira iritsi aurretik: Paris, Guadalajara [Espainia], Madril, Bilbo eta Oñati. Lanaren bidez ezagutu nuen Ainhoa, eta berarekin Garoan tabernari hasi nintzen gero. Gainera, etxean hartu ninduen, eta berarekin bizi naiz ordutik. Urtebete daramat Azpeitian.

Egun, zertan aritzen zara?

Tabernako lana amaitu zitzaidan, eta lan bila ari naiz orain. Oñatin bizi nintzenean, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasi nuen Mondragon Unibertsitatean, eta horrela, nire helburua betetzea lortu nuen. Ikasketa horiek garestiak izanagatik, unibertsitateak ez zidan inolako oztoporik jarri, eta orain, arlo horri lotutako lan bat aurkitzea da nire helburua. Bitartean, ikastaro bat egiten ari naiz.

Beste hainbat gauza ere egiten duzu.

Tabernan jende asko ezagutu nuen, eta haiekin planak egiten ditut. Gaztetxeko kideekin Esklabetako proiektuan murgilduta nabil, esaterako. Gainera, asko gustatzen zait mendira joatea, paseatzea eta lagunekin zerbait hartzea. Ondo hartu naute hemen, etxean bezala sentitzen naiz. Jendeak asko lagundu dit, arlo askotan.

Zure emaztea eta seme-alabak Belgikan bizi dira. Gogorra izango da hori.

Bai, oso gogorra. Elkarrekin egon nahi dugu, baina kontu administratiboak oso poliki joaten dira. Urteak daramatzagu tramiteetan, baina oraindik ez dugu lortu elkarrekin egotea. Halere, borrokan segituko dugu. Udan etorri zen nire familia Azpeitira, eta asko gustatu zitzaien leku hau. Gustura biziko ginateke guztiok hemen.

Zer gustatzen zaizu Azpeititik?

Jendeaz aparte, paisaia: mendia eta leku berdeak. Guinean herri txiki batean bizi nintzen, naturaz inguraturiko leku batean, eta haren antza hartzen diot gune honi.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Etorkizunera begira, hiru ardatz ditut: pertsona, etika eta zoriontasuna. Jende asko ikusi dut diruaren atzetik korrika zoriontasun bila, baina zoriontsu ez dena. Uste dut pertsona baloratu behar dela, eta etika kontuan izanda egin behar direla proiektu guztiak.