Urtezahar gauean suziririk ez botatzeko eskatu die Udalak herritarrei

Uztarria.eus 2019ko abe. 30a, 12:23

Azpeitiko Udalak sute arriskuak saihesteko Urtezahar gauean suziririk ez botatzeko eskatu die herritarrei. Piroteknia artefaktuek "egoera larriak" sor ditzaketela azaldu du erakundeak.

Urtezaharretan ohikoak izaten dira Urteberri eguna ospatzeko suziriak, eta horiek inguruan eragin ditzaketen kalteak saihesteko, Azpeitiko Udalak suziririk eta piroteknia artefakturik ez botatzeko eskatu die herritarrei.

Udalaren arabera herriko etxe ugari egurrezkoak dira, eta txinpartek "egoera larria" sor dezakete inguruan. Horrez gain, suziriek hainbat herritarri eta animaliari "beldurra eta egonezina" sortzen diela azaldu du erakundeak. Hori horrela, suziriak ez botatzea "herritar bakoitzaren erantzukizuna" dela adierazi du Udalak, eta horiek ez botatzeko eskatu die herritarei. Dena den, Udalak gogorarazi du norbaitek piroteknia artefaktuak botatzeko asmoa badu, Ertzaintzaren baimena behar duela horretarako.