Euskal Herriko Emakume Sozialisten Topaketak egin dituzte Esklabetan

Itaia Emakume Sozialisten Sareak antolatuta, Euskal Herriko Emakume Sozialisten Topaketak egin zituzten abenduaren 26an eta 27an Azpeitian, Esklabetako ezker hegalean. Euskal Herriko hainbat txokotako 150 emakume inguru elkartu zen jardunaldietan, "komunitatea sendotzeko, inplikazio politikoez hitz egiteko eta aurrera begirako erronkak identifikatzeko".

Elkar ezagutzeko hainbat ekintza eginez hasi zituzten topaketak ostegun goizean. Bazkalostean ekin zioten eztabaidei, eta hainbat gai izan zituzten hizpide, besteak beste, klase feminismoaren oinarriak, genero problematika, jai eredua, hipersexualizazioa, jardun erreproduktiboak eta genero zapalkuntza. Ostiraleko lehen saioan, militantzia ereduaz eta antolakuntzaz aritu ziren solasean. Bazkaltzeko tartea hartu ostean, arratsaldean aurrera begirako erronkak identifikatzeko eta beharreko mekanismoez hausnartzeko mahai-ingurua egin zuten. Hausnarketa politikorako tartea hartu ez ezik, aisialdiko zenbait jarduera ere egin zituzten topaketetan zehar.

(Argazkiak: Gedar.eus) 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide