Agortu dira 2020rako Kultur Bonoak

Uztarria.eus 2019ko abe. 18a, 11:31

Jende ilara luzea sortu zen atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean, han jarri baitzituzten salgai 2020rako Kultur Bonoak, 18:00etan. Gaur goizeko 10:00etarako amaituta zeuden salgai jarritako bono guztiak.

Atzo jarri zituzten salgai 2020rako Kultur Bonoak, eta Kulturaz kooperatibak jakinarazi duenez, dagoeneko guztiak agortu dira. Jende ilara luzea sortu zen atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunen, han jarri baitzituzten salgai datorren urterako Kultur Bonoak, 18:00etan. Gaur goizeko 10:00etarako amaituta zeuden salgai jarritako bono guztiak. "Urtetik urtera Kultur Bonoarekiko interesa handitzen ari da, eta argi geratu da, beste behin, kulturzaleek erantzun ona eman diotela egitasmoari", adierazi du Kulturazek. 

Sanagustin kulturgunean nahiz Soreasu antzokian antolatutako honako ekitaldi hauez gozatzeko aukera eskaintzen du bonoak: hamar kontzertu, sei antzerki edo dantza emanaldi eta umeentzako sei ikuskizun (heldu bat eta ume bat). Soreasu antzokian diren ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez bonoarekin hartzea derrigorrezkoa izango da. Kulturaz.eus webguneko agenda atalean bonoa erabili ahal den ekitaldiek ikur bat izango dute, bono jabeentzako jakingarri gisa.

2020rako ekitaldiak antolatzen hasi dira dagoeneko Kulturazekoak, eta zenbait ikuskizun itxita dituzte dagoeneko: Ilegales, Zea Mays, Anier eta Mad Muasel, Kukai dantza konpainiaren Gauekoak, Immaculate Fools eta Jotakie, Fuel Fandango, Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan, Sonakay, Beheko Larraine konpainiaren Manifestu bat ikuskizuna, Ekain Ibargurenean Alejop! ikuskizuna, Denboraren Taupadak haurrentzako antzerkia...

Kulturaz kooperatibako lehendakari Jose Luis Otamendiren hitzetan, "Kultur Bonoa Azpeitiko herrigintzaren kultur pilula bat da, Kulturaz kooperatibaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetzaren neguko fruitua" da: "Kulturazen helburua, kultura bere ertz guztietatik garatzea da: sormena, hedapena, parte hartzea bultzatu, horretarako kultura erabiliz, baliatuz, ikusiz, entzunez, gozatuz... Kultur bonoa herritarrari kulturan murgiltzeko eskaindu zaion giltza bat da. Eskura jarri nahi izan diogu kulturzaleari eta eskua eman nahi izan diogu, kulturaz bere burua osa dezan horrekin. Kultur bonoarekin, kulturzaleak zainduz, nahi genuke eragin aldi berean kulturaren asea eta gosea...". Eneritz Albizu Udaleko kultur zinegotziaren aburuz, Azpeitian "Gabonetako opari preziatuena" bihurtu da Kultur Bonoa: "Hori horrela da kalitatezko kultur programazioa delako eskaintzen dena, gure hizkuntzatik eta kulturatik abiatuta. Kultur bonoarekin, gainera, eskaintza hori herritarren esku-eskura jarri da, eta txalotzekoa da Kulturaz kooperatibak horretarako egiten duen esfortzua. Bide honetan, jakina, udala beti izango da bidelagun".