Auzoari bizia eman diote Sanjuandegiko Azoka Herritik egitasmoarekin

Uztarria.eus 2019ko abe. 14a, 17:30

Sanjuandegiko Azoka Herritik egin dute gaur goizean, ohi bezala, kaleak hartu eta auzoari bizitza emateko asmoarekin. Herriko ekoizle eta sortzaile txikiei espazioa eskaintzeaz gain, horien produktuak eta lanak eskuratzeko aukera izan da bertan, 10:30etik eguerdira bitartean. Eguraldi ederra egin du, eta jende ugari bertaratu da Sanjuandegira.

Hainbat postu izan dira goiz osoan zehar Jose Antonio Agirre plazan, hala nola baserritarrenak, Elikagunearena, artisauenak, janarienak eta bigarren eskuko produktuena. Haurrei zuzendutako egitarau zabala ere osatu dute, askotariko eskaintza bilduz. Besteak beste, txapa tailerra, kartera ikastaroa, argazki tailerra, bitxien tailerra eta abar egin dituzte. Gainera, trikitilarien, Julen magoaren, musika eskolako ikasleen eta Horacio musikariaren emanaldiak izan dira.

Herriko taldeak eta eremu ezberdinetako pertsonak elkartu dira aurtengo azoka antolatzeko. Hain zuzen ere, kooperazio taldeak, Elikagunea, Jauzika, artisauak, Xanjuandei Auzolanean, Kultur Mahaia, Elkar-ekin eta abar.