Berria eta betikoa, parez pare

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 13a, 10:15
BeƱat Lizaso eta Jon Maia Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. (Julene Frantzesena)

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean izango dira Jon Maia eta Beñat Lizaso bihar. Bata finaletan esperientziaduna da; bestea, berriz, hasiberria. Baina agertoki berean ariko dira lehian. Finalerako gogoz daude biak ala biak. Donostiako Ilunben dute zita.

"Presioak alde batera utzi, obligaziorik ez jarri zure buruari. Opari bat bailitzan hartu. Ez duzu ezer apartekorik edo berririk demostratu beharrik; ez ahaztu hori". Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren atarian,  Jon Maiak (Zumaia, 1972) aholku horixe eman dio Beñat Lizasori (Azpeitia, 1982). Izan ere, Maia txapelketetako finaletan ondo zaildutako bertsolaria izanik, hari aholkua eskatu dio lehen aldiz Gipuzkoako finalean izango den Lizasok.

Hasiberria. Finaletan, ordea. Urteak daramatza Lizasok bertsoen munduan murgilduta. Eta txapelketak uztea buruan zebilkien garaian jo du goia azpeitiarrak: "Orain arteko txapelketetan egindako lanarekin gustura nengoen, topea jo nuen sentipenarekin. Erdi derrigortuta-edo eman nuen txapelketarako izena, eta aurreneko bi faseak igarota, zera pentsatzen nuen: 'Egin diat, berriz ere hemen nagok, berriz ere Tolosan'. Inolako presiorik gabe nengoen, finala ez baitzen nire helburua inondik inora, baina...". Eta hirugarrenean, finalera: "Saioa bukatzean 'hor behar duk' esan zidaten Haritz Mujikak eta Jokin Urangak, eta urduri jarri nintzen. Nire izena esan zutenean, ez nekien barre egin, negarrez hasi...". Argi du Lizasok urteetako lanaren ondorioa izan dela lortu duena. "Gutxien espero nuen unean iritsi da, eta balorazio oso-oso positiboa egiten dut oraingoz; ea finalean zer ateratzen den".

Maiak ez du ez lehen finala, ez bigarrena. 1997an abestu zuen lehen aldiz final batean: Donostiako Belodromoan izan zen, Txapelketa Nagusikoan. 23 urte pasatu dira ordutik, eta "ilusioz" jarraitzen duela aitortu du zumaiarrak. "Ez dakit nire burua engainatzea ez ote den eta ez ote dudan onartzen urteak aurrera doazela", azaldu du barrez. "Tolosan kristoren poza sentitu nuen finalera sartzeagatik. Ziklo luze bat borobiltzea zela sentitu nuen. Beharbada txapelketaren azkenengoetan nagoela badakidalako izango da, eta finalera sartzeak lehia horretan egotea eta egun polit horiek bizitzeko aukera ematen duelako ere bai".

Joan zen neguan txapelketan izena eman edo ez zalantzan izan zen bertsolariak aitortu duenez, aurtengo txapelketa "oso desberdin" ari da bizitzen. "Beti pentsatzen dut onena emateko daukadala, eta pena ematen zidan txapelketak agurtu gabe uzteak. Erabaki nuen beste modu batean planteatu behar nuela lehia, ez bainuen sufritzerik nahi. Emaitzen beldurrik ez daukat; liberatu naiz txapelketaren itzalez eta mamuez. Eta finalaren atarian egiten dudan balantzea da apenas sufritu dudala eta asko ari naizela gozatzen; oso fresko nagoela sentitzen dut".

Bertsoaren pozak

Gaztetxo zirela hasi ziren bertsotan Maia eta Lizaso, Lizaso eta Maia. Eta biek egindako bidearen sari gisa hartu dute finalerako txartela. Maiaren aburuz, maratoi bat, lasterketa oso luze bat da bertsolaritza: "Gerta daiteke norbait final batera noizbait kasualitatez iristea, baina hainbeste urteren ondoren finalera iristen zarenean... Horrek esan nahi du beti hor egon zarela, konstatzia duzula, ez duzula sekula etsi, eutsi diozula une txarretan, urteak pasatu dituzula baldintza txarragoetan edo hobeagoetan, plaza gutxiagorekin edo gehiagorekin. Eta iristen da 2019. urtea, eta finalera". Zumaiarraren ustez, zaila da final batera iristea, eta are zailagoa hainbeste denboran maila horretan mantetzea: "Hau da sailkatzeak poz handiena eman didan finala".

Lizasori pozik handiena jendea berarekin gogoratu izanak eman dio asteotan. "Jendea poztu egin dela dirudi. Mezu ugari jaso ditut, espero ez nuen pertsonenak ere bai". Azpeitiarrak etxetik jaso du bertsogintza, eta finalera sailkatzeak balio izan dio barruan zuen harra kentzeko. "Beti izan naiz 'bertsotan besterik gabe egiten duen hori'. Nahiz eta Gipuzkoako finalerdietara sailkatu bitan eta Euskal Herrikoan kantatu, ez naiz sekula izan egin dezakeela ematen duen bertsolari hori. Eta nik ere aspaldi ikasi nuen bertsotan, eta ari naiz gauza batzuetan hobetzen". Egin zuen, bada, egin zezakeen hori, Tolosan, "egunik aproposenean eta jendeak gutxien espero zuenean". Hala dio: "'Joño, Beñat hik ere egiten duk bertsotan', aitortu dit jendeak. Hau ez da abizena eduki eta besterik gabe, listo". Bere buruarentzat "baieztapena" izan dela dio Lizasok: "Bertsotan egiten dudala erakutsi dut". Finalak abizena ahaztu eta izena jartzeko balioko diola uste du azpeitiarrak. "Beti izango naiz Sebastianen semea eta Joxeren biloba, baina bertsotan abizenagatik bakarrik ez nabilela ikusaraztea nahi dut, Beñatek bertsotan egiten duela erakutsi nahi dut".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.