Alvaro Martin: "Oso gogorra eta bakartia da Errusiako negua"

Uztarria.eus 2019ko abe. 13a, 16:44
Alvaro Martin, San Petersburgon.

Finlandiara joan zen lehenik Martin, eta egun, San Petersburgo (Errusia) du bizileku. Ez daki zein izango den bere hurrengo geltokia; ez zaio planik egitea gustatzen. Ihintza Elustondo kazetariak elkarrizketatu du azpeitiarra Hantxe bertan atalerako, 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian.

Nolatan alde egin zenuen Azpeititik?

Magisteritza ikasi nuen, eta lanik aurkitu ezinda eman nituen bi urte. Pentsatu nuen kanpora joan beharko nuela, eta 2013an Finlandiara joan nintzen, umezain lanak egitera. Sei hilabete egin nituen han, eta Azpeitira itzultzean, argi nuen: neure kabuz finlandiera ikasten hasi nintzen hara itzultzeko.

Noiz itzuli zinen?

2015ean joan nintzen berriro, han gelditzeko. Landetxe batean hasi nintzen lanean, eta lanaren truke, etxea eta jatekoa eman zizkidaten. Ondoren, postari lanetan hasi nintzen Helsinkin; hiru urte eman nituen lan horretan.

Zer egin zenuen gero?

Irakasle izateko har hori nuen barruan, eta saiatzea erabaki nuen. San Petersburgora bidaiatu nuen behin, eta han jakin nuen herritar askok gaztelania ikasteko ohitura zutela. Galdetzen hasi nintzen, eta orain, gaztelaniako irakaslea naiz San Petersburgon.

Ez al zara bakarrik sentitzen halako hiri handi batean?

Finlandian ohitu nintzen bakarrik ibiltzera, eta nahiko ondo moldatzen naiz bakarrik. Dena den, bidean jende asko ezagutu dut.

Zer esaten dizu jendeak?

Bakarrik kanpoan ibilita ez al naizen beldurtzen galdetzen didate. Niretzat okerragoa da Azpeitian ezer egin gabe gelditzea.

Gustura al zaude San Petersburgon?

Bai, oso gustura. Azpeitiko bizimodua ezagutzen dut, eta beti egiten dituzu antzeko gauzak. Kanpoan bizita, berriz, leku eta jende berria ezagutzen duzu. Gustatzen zait hori.

Zer da Errusian bizitzearen alderik gogorrena?

Oso gogorra eta bakartia da hango negua. Hotz eta ilun egiten du, eta inor ez da ateratzen kalera.

Nola egiten diozu horri aurre?

Orain, neure kasa errusiera ikasten ari naiz. Baina sei hilabete etxean ezingo nituzke igaro, eta bidaiatzeko aprobetxatzen dut.

Ez al duzu faltan sumatzen Azpeitia?

Bai, horregatik itzultzen naiz tarteka.

Aurrera begira, zein dira zure planak?

Zaila da hori esatea, inoiz ez baitut jakiten zer egingo dudan.